BILBO 3 Dic. (EUROPA PRESS) -
Kaixomaitia.eus atariak Euskarazko Kontaketa Erotikoen Lehiaketaren hirugarren edizioa jarri du abian Elkar argitaletxearekin elkarlanean. Lanak abenduaren 31 baio lehen igo beharko dira https://www.kaixomaitia.eus/xedeorria_lehiaketa/ web orrira.
Kaixomaitia.eus atariak bere xedeen artean du, besteak beste, euskarazko edukiak sortzea eta zabaltzea; esaterako, pertsonen arteko harreman afektibo eta sexualarekin dituzten orotariko gaiak, nahiz kontaketa edo ipuin erotiko laburrak, "euskararen normalizazioaren bidean ezinbestekoa delako euskarazko edukiak sortzea eta sarean ere zabaltzea". Bada, helburu horiei jarraiki antolatu dute aurten ere lehiaketa.
Horrela, antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehiaketan parte hartu ahal izango dute 18 urte edo gehiagoko herritarrek, eta izen-abizenak, posta elektronikoa eta harremanetarako telefono bat zehaztu beharko dira. Parte hartzaileak ezizen edo izen propioarekin parte hartuko du, baina azken zortzi finalisten artean geratuz gero, izen-abizen errealak erabili ahalko dira sari banaketa eta komunikazio lanetarako.
Parte hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkezteko aukera izango
du, eta kontaketaren luzera 10.000 eta 15.000 karaktere artekoa izango da. Idazlanak euskaraz idatziak eta beste inon argitaratu gabeak izango dira.
2023ko otsailaren 28rako aukeratuko dira zortzi finalistak, eta martxoaren hasieran ospatuko da sari banaketa ekitaldia. Jasotako lan guztiak Kaixomaitiaren blogean argitaratuko dira, CCBYSA lizentziapean, eta epaimahaiari ere orduan helaraziko zaizkio lanak.
Alde batetik, Dorleta Kortazar Alkoz ipuin kontalariak, Antxiñe Mendizabal Aranburu idazle eta editoreak eta Iñigo Arandia Galarraga kaixomaitia.eus-eko kudeatzaileak osatuko dute epaimahaia. Hirurek aukeratuko dituzte zortzi finalistak jasotako lan guztien artean, eta ondoren, zortzi lan horiek kaixomaitia.eus atariko harpidedunen
artean baloratuko dira. Bukatzeko, balorazio horiei epaimahaikideen azken balorazioa gehituko zaie, eta orduan zehaztuko dira hiru saridun nagusiak.
Irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 500 eurokoa, eta hirugarrenak 250 eurokoa. Gainera, finalistek Elkar argitaletxearen liburu sorta eta 100na euroko Elkar liburu dendetako opari txartela jasoko dute.