GASTEIZ, 29 Dic. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abian jarri ditu jada Euskal Osasun Itunean adostutako 332 ekimenen erdiak baino gehiago, eragile parte hartzaile guztiek zehaztutako 24 ildo estrategikoak onartu eta horiek hedatzeko eta gizarteratzeko egungo fasea hasi zenetik sei hilabete eskas igaro direnean.
Aurrerapen horiek berresten dute ildo estrategiko guztiak hasita daudela eta Ituna ez dela itxiera-data duen dokumentu bat, baizik eta Euskadiko osasun- sistemaren eta herritarren premiei hobeto erantzutera begira eboluzionatzen eta egokitzen den akordio bizia. Hala jakinarazi du gaur Alberto Martinez Osasuneko sailburuak Ituna onartu ondorengo lehen seihilekoaren balantzea egiteko Bilbon hedabideekin egindako lan-gosari batean.
Sailburuak zehaztu duenez, ekainean adostutako 332 ekimenetatik, 171 uztaila eta abendua bitartean hasi dira, beste 42 tarteko garapen fasean daude, eta 22 aurreratuta. Ikuspegi kualitatibotik, honako ildo estrategiko hauek izan dute aldi honetan aurrerabiderik handiena: onkologiak, gaixotasun kardiobaskularrei heltzeak, kronikotasunak, osasunaren digitalizazioak, pertsonen politikak eta osasun-azpiegiturek.
Osasuneko sailburuak berak aurreratu duenez, aurreikusten da Euskal Osasun Itunaren barruan adostutako ekimenen %44 2026an erabat ezartzea, eta hurrengo bi urteetan egungo hedapen eta sozializazio fasea osatzea. Ekimen aipagarrienen artean daude Euskadiko Plan Onkologiko Integrala garatzea, Bihotz-gutxiegitasunaren Ibilbidea hedatzea eta BGBKren arretarako ibilbide integrala, dagoeneko hasita dagoena.
Herritarren arretaren esparruan, 'Erantzunak' plataforma jarri da martxan, arreta omnikanala hobetzera bideratua, eta 2026rako WhatsApp kanal bat irekitzea aurreikusten da, Osakidetzaren eta herritarren arteko komunikazio zuzena ahalbidetuko duena.
Antolaketa-berrikuntzaren eskutik joango da teknologia ere. Itunak aho batez erabaki zuen gorabidean zeuden teknologiak eta adimen artifiziala sartzea, profil profesional berriak birdefinitzearekin eta sartzearekin batera. Gaur egun, prozesuak eta emaitzak optimizatzeko AA edo automatizazioa aplikatzeko asistentzia-arloak identifikatzen ari dira.
ERALDAKETA DIGITALERAKO ESTRATEGIA
Aldi berean, 2026rako aurreikusita dagoen Giza Baliabideen Eraldaketa Digitalerako Estrategia definitzen ari dira. Estrategia horrek osasun-langileen gaitasun eta jakintza digital berriak eskuratzea bideratuko du. Antolamenduaren ikuspegitik, Osakidetzak bi zuzendariordetza berri izango ditu: bata, osasun mentalarekin eta eremu soziosanitarioarekin lotuta, eremu horietan arreta integrala indartzen duena; eta bestea, proiektu estrategikoekin eta komunikazioarekin lotuta.
Gainera, Garapen eta Prestakuntzako Zuzendariordetzak izena aldatuko du, eta hizkuntza-politika bere gain hartuko du, Osasunaren Euskal Itunaren helburuen ildotik. Halaber, 2026an ekipamendua erosteko prozedura berriak hasiko dira, prozesu eraginkorragoak eta iraunkorragoak lortzeko bidean. Beste neurri garrantzitsu batzuk honako hauek dira: Lehen Mailako Arretako aginte-koadroa hedatzea, zerbitzuaren kudeaketa eta kalitatea hobetzea ahalbidetuko duen tresna; Lehen Mailako Arretako taldeetan psikologo sanitarioak sartzea; eta Errioxako ESIan iktus ondorengo arreta indartzea, eremu hori geografikoki sakabanatuta dagoelako lehenesten da.
HAURSARE PROIEKTUA
Halaber, Haursare proiektua nabarmentzen da, pediatriako adinean kronikotasunari eta bizitzaren amaierari arreta jartzen diona, euskal sistemak gaixotasun larriak edo terminalak dituzten adingabeen zaintza integralarekin duen konpromisoa indartuz.
Langileen politikari dagokionez, negoziazioa ixtea eta 2026ko lehen lauhilekoan funtsezko bi arau izapidetzea aurreikusten du Sailak: Lanpostu Funtzionalen Dekretua eta Lanbide Garapeneko Dekretu berria, biak urtea amaitu baino lehen onartuta egoteko helburuarekin.
Sailburuak adierazi duenez, Itunak "aro berri baten hasiera markatzen du Euskadiko pertsona guztien osasuna ulertu, kudeatu eta zaintzeko moduan". Etapa berri honen apustu garrantzitsuenetako bat antolaketa-berrikuntza izan da, eta egitura-eredu arinagoa eta eraldatzaileagoa behar izan baititu. Ituna onartu ondorengo lehen gogoeta eta erabaki Osasun Saila eta Osakidetza berregituratzea izan zen, eta aldaketak egin ziren bi sailburuordetzetan eta euskal osasun zerbitzuaren zuzendaritza nagusian.
Berrikuntza horrek identifikatutako lau premia handiei erantzuten die: Antolaketa-berrikuntza, sistema arinagoa eta efizienteagoa lortu dadin; Osasun-gobernantza berria eta denboran iraungo duen eredua; Erabakiak hartzean pazienteen eta herritarren ahotsa eta parte-hartzea bultzatzea.; eta Eraldaketa digitala eta teknologikoa, arreta hobetzeko giltzarri, osasunaren arloko emaitzak, politika publikoen arrakasta neurtzeko ardatz.
Sailburuak adierazi duenez, beste etapa horren lehentasuna da Osasun Publikoa osasunaren prebentzio eta sustapen handiagorekin indartzea, betiere gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna lotzen dituen "One Health" ikuspegiaren barruan. Gainera, Osakidetza indartu nahi da, haren giza baliabideak, ekipamenduak eta azpiegiturak hobetuta eta, jarduera kopuruan baino gehiago, balioan eta emaitzetan oinarritutako osasun-eredu baterantz aurrera eginik.
PARTE-HARTZEA ETA HURRENGO URRATSAK
Itunak aurrera egin dezan, urtarrilean informazio- eta partaidetza-tailerrei emango zaie hasiera Osakidetzako ESIetan. Tailer horietan, osasunaren arloko profesionalek beren esperientzia azaldu eta neurriak ezartzeko proposamenak egin ahal izango dituzte. Onartu zenetik, Osasun Sailak bilera ugari egin ditu pazienteen elkarteekin, profesionalekin eta sektoreko antolakundeekin, eta bilera horietan haien lehentasunak entzun dituzte eta lortutako aurrerapenak partekatu.
Era berean, Euskadiko pazienteen elkarteentzako arau-esparru espezifikoa prestatzen hasi da, haien zeregina indartu eta Itunaren aplikazioan haien zuzeneko parte-hartzea bermatze aldera. Sailburuak gogorarazi du Osasun Sailaren 2026rako aurrekontuak eraldaketa horri jarraipena emateko beharrezko inbertsioak biltzen dituela: Osakidetzako lan-eskaintza publiko berriak (5.425 plaza), 1.600 milioi euroko inbertsioa osasun-azpiegituretan 2032ra arte, eta digitalizazioaren eta prebentzioaren aldeko etengabeko apustua.
"Euskal Osasun Ituna bizirik dago, eta urrats irmoak egin ditu aurrera, milaka profesionalen konpromisoari eta Euskadiko osasun-sistema osoaren elkarlanari esker. Helburua argia da: osasun publikoa indartzea eta pertsona guztien ongizatea eta osasuna hobetzea", adierazi du Martinezek.
Hedapenean parte hartzen duten 200 eragileren baino gehiagoren inplikazioari esker lortuko da helburu hori. Eragile horiek guztira 14 talde ordezkatzen dituzte: eragile soziosanitarioak; elkarte profesionalak; teknologia- eta ikerketa-zentroak; herritarrak, pazienteak eta familiak; erakunde arteko batzordeak; Eusko Jaurlaritza; industria; hedabideak; udalerriak eta aldundiak; Osakidetza; osasun-hornitzaile pribatuak; sindikatuak; hirugarren sektorea; eta unibertsitateak eta heziketa-zentroak.