BILBO, 21 (EUROPA PRESS)
Fatmata Bita Sierra Leonako sukaldari gaztea da 2022ko Basque Culinary World Prize sariaren irabazlea. Fulani sukaldaritzaren egungo erreferentea da, eta Afrikako tribu nomada handienaren sukaldaritza kulturan dagoen potentzialaren inguruan egiten duen dibulgazio eta garapen lanagatik saritu dute.
Ekimen eraldatzaileak egiten dituzten sukaldarien lana aintzatesten du sariak, eta irabazleak aukeratutako proiektua gauzatzeko 100.000 euroko ekarpen ekonomikoa du.
Gainera, sariaren epaimahaiak beste bi sukaldariren lana aintzatetsi du eta aipamen berezia egin die Douglas McMaster ingelesari eta Edson Leite brasildarrari, 'zero waste' filosofia sustatzeagatik eta Sao Pauloko gazteak sukaldaritzan trebatzeko eta gazteei laguntzeko programak diseinatzeagatik, hurrenez hurren.
Modu honetan, Basque Culinary World Prize sariketak gizarte integrazioaren garrantzia islatzen duen irabazle bat hautatu du zazpigarren edizioan, eta bi aipamen bereziak egin ditu, jasangarritasun eta heziketa gastronomikoaren proposamen inspiratzaileak eskaini baitituzte.
Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Batzordeko kideek osatu dute epaimahaia, eta Gironan (Katalunia) egin dute hautaketa. Munduko eragin handieneko sukaldarietako batzuek osatu dute epaimahaia, eta Joan Roca chefa izan du buru.
Irabazleari dagokionez, 'Chef Binta' ezizena duen sukaldaria fulaniarren janariarekin erlazionatzeko ohiturak, zaporeak eta moduak partekatzen saiatzen da 'Dine on a mat' ekimenaren bitartez, elkarrizketa eta ulermen iturri baliotsua izan dadin, hezkuntza eta praktika iraunkorrak bultzatuz.
Bestalde, fonio bezalako osagaiak landa komunitateentzako diru iturri bihurtzeko fundazio bat sustatzen hasi da, non emakumeek egiten duten lana gehienbat. Ekimen horretako afari asko komunitate proiektuetarako dirua biltzeko iturri dira, eta, hari esker, Bintaren hitzetan, Ghanako 12 komunitate eta 4 eskualdetako 300 familiak baino gehiagok jaso dute onura.
Era berean, bere Fulani Kitchen Foundation fundazioaren helburua da fula eskualde guztietako emakumeak eta neskak heztea, ahalmentzea eta ahalduntzea.
EMAKUMEEN AHALMENA
Saria jaso ondoren, Fatmata Bintak aitortu du harro sentitzen dela eta eskerrak ematen dizkio Basque Culinary World Prize sariari. Bere hitzetan, "fula komunitatea artzainak baina gehiago dira, eta ezin dezakegu ukatu jada emakumeen ahalmena. Munduak emakumeen talentua eta jakinduria aprobetxatu behar ditu. Gaia elikagaien segurtasuna, ekonomiaren indarberritzea edo bakea izan, emakumeen parte hartzea inoiz baino beharrezkoagoa da orain".
"Basque Culinary World Prize-i eskerrak eman nahi dizkiot sari honengatik. Ohore hau, niretzat ez ezik, ahalmen handiena lortzeko ahaldunak eta inspiratuak izango diren emakume guztientzat ere bada, eta gainera, erronkak argituko ditu eta emakumeentzako irtenbideak ekarriko ditu. BCWP sariak, komunitate hobea eta mundu hobea lortzeko aldaketak eragingo dituen konponbidea burutzen lagunduko du", adierazi du.