BILBO 14 Jun. (EUROPA PRESS) -
Galtzagorri elkarteak Liburu Hari Boom proiektu eta lehiaketa berria jarriko du martxan aurten, Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Zerbitzuaren eskakizunez, eta Booktuberboom_+ egitasmoaren jarraipen modura.
Bere sustatzaileek jakinarazi dutenez, Liburu Hari Boom proiektuak gazteak, literatura eta gazteen arteko harremanak erdigunean jarri nahi ditu.
Horrela, 12-18 urteko gazteei irakurtzeko bide berriak zabaldu eta gazteen artean irakurketak partekatzeko espazioak sortuko dira irakurleek elkarri entzun diezaioten eta gazteek elkarri irakurketa gomendioak egin eta haiek arrazoitu ditzaten.
Horretarako, Liburu Hari Boom liburu gomendio lehiaketa jarri du martxan Galtzagorri elkarteak, 12-18 urteko gazteei zuzenduta, eta parte hartu nahi dutenek azaroaren 24ra arte denbora izango dute liburuak irakurri, bat aukeratu eta horri buruzko gomendioa bidaltzeko.
Lehiaketaren berezitasuna da gazteek liburuak nahieran gomendatzeko aukera izango duteka, hau da, haiek hautatuko dute zein gomendio mota egin nahi duten: idatzia, ilustratua, antzeztua, audio bidezkoa, bideo bidezkoa eta abar.