DONOSTIA 9 (EUROPA PRESS)
Galtzagorri elkarteak 'Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren estrategiak eta praktikak' izeneko ikastaroa eskainiko du Tabakalerako Medialaben, Donostian, 2027ko urtarrilaren 13tik maiatzaren 12ra arte, haurrekin eta gazteekin literaturaren eta irakurketaren bitartekaritzan ari diren bitartekariei tresnak eskaintzeko helburuarekin.
Antolakuntzak jakinarazi duenez, alde teorikoari helduko zaio ikastaroan, baina ardatza bitartekaritza estrategiak eta praktikak izango dira, eta arreta berezia jarriko zaie, batetik, haur txiki-txikiekin egiten den irakurketa bitartekaritzari eta, bestetik, gazteekin egiten denari. Saio gehienak euskal adituek eta arituek egingo dituzte, eta kanpotik ere etorriko dira puntako adituak hemengoen jakintza aberastera.
Bitartekaria da liburu eta irakurketaren eta haurraren edo gaztearen artea dagoen profesionala, amateurra edo gurasoa. "Bi mundu lotzen ditu eta ez da magia egiten dakielako; lotzen baditu, bi munduak oso ongi ezagutzen dituelako da. Ezagutza hori da, hain justu, ikastaro honetan landuko duguna", azaldu dute.
Hartzaileak, horrenbestez, bitartekaritzan ari diren pertsonak dira, hala nola liburuzainak, irakasleak, liburu saltzaileak, editoreak, irakurleak, idazleak, ilustratzaileak, gurasoak eta, finean, haur eta gazte literaturaren bitartekaritzan interesa duen edonor.
Ikastaroa 2027ko urtarrilaren 13tik maiatzaren 12ra egingo da, asteazkenetan, 17:00etatik 20:00etara. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren homologazioa izango du, eta titulua lortzeko %80ko asistentzia eskatuko zaie ikasleei.
Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago astelehen honetatik azaroaren 20ra bitarte, eta horretarako https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSdq891B62R_h3cAKHyn... estekan dagoen formularioa bete behar da; formularioan datu pertsonalak eta gehienez hamar lerroko gutuna idatzi beharko da, non ikastaroa egiteko motibazioa agertu beharko den. 30 lagunentzat tokia dago, eta onartutakoei mezu elektronikoz jakinaraziko zaie lehenbailehen.
Matrikula abenduan zehar formalizatu beharko dute ikasleek, eta prezioak hurrengo hauek izango dira: 50 euro langabe eta ikasleentzat, 100 euro Galtzagorriko bazkideentzat eta 150 euro beste guztientzat. Matrikula Galtzagorri elkartearen bitartez egin beharko dute.