Foto: ELKAR
BILBO, 24 (EUROPA PRESS)
Garazi Kamio andoaindarraren "Orube abandonatuak" proiektuak irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Aurten 35 lan aurkeztu dira, inoiz baino gehiago, eta horien artean Kamioren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak.
Antolatzaileek gogoratu dutenez, bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Orain arte, Joxean Agirreren "Zwei Frauen (Bi emakume)", Itxaso Araqueren "Damutzen ez direnak" eta berehala aurkeztekoa den Garbiñe Ubedaren "Hobe isilik" sortu dira laguntza honi esker.
"Orube abandonatuak" du izena Garazi Kamioren proiektuak. Hiru garai desberdinetan, hiru pertsonaia bakartiren historia kontatuko du nobela honek. Epaimahaiak azpimarratu du testuaren fintasun psikologikoa eta irudien indarra.
Garazi Kamio Andoainen jaio zen, 1979an. Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Irakasletza ikasia da. Kazetari aritu izan da, besteak beste, 'Sautrela' saioan, eta gaur egun irakasle dabil. "Beste norbaiten zapatak" ipuin liburua kaleratu zuen 2012an Igartza sariari esker.