GASTEIZ, 4 (EUROPA PRESS)
Gasteiz Antzokiaren Aldeko Plataformak deitoratu du egoerak "berdinetan" jarraitzen duela eta udal arduradun politikoek ez dutela "korapiloa askatzeko" proposamenik egiten. "Egoera jasangaitza izan arte eutsi nahi diote euren posizioari, Antzokia kudeatzeko ardura duen Lazarraga kultur elkartea itotzeraino", salatu du prentsa ohar bidez.
Plataformako iturriek gogorarazi dutenez, Izaskun Arrue kulturguneak bizi duen egoera argitu eta konponbide bat eskatzeko aldarria egin zuten duela hilabete. 2022ko irailetik amaituta dagoen eraikinaren ateak ireki eta Gasteizko euskaltzaleek duela hamarkada bat baino gehiago aldarrikatzen duten proiektu behin betiko martxan jartzeko eskatu zitzaion Gasteizko udal gobernuari.
Azken asteotan elkarrizketak izan dira arduradun politiko eta talde politiko ezberdinekin, eta udal bilkuran mozioa ere aurkeztu zen konponbidea bilatzeko neurriak har zitezen eskatuz.
"Alde guztiek, hitzez, beren borondate ona adierazi arren, egoerak berdinetan jarraitzen du eta arduradun politikoek ez dute korapiloa askatzeko proposamenik egiten. Egoera jasangaitza izan arte eutsi nahi diote euren posizioari, Antzokia kudeatzeko ardura duen Lazarraga kultur elkartea itotzeraino", salatu dute.
Egoera horren aurreran, gero eta gehiago dira konponbide bat eskatzen dutenak, besteak beste, Bernardo Atxaga, Edurne Azkarate, Karmele Jaio, Paul Urkijo, Irantzu Lekue edota Aroa Arrizubieta, sare sozialen bitartez proiektuarekiko atxikimendua erakutsiz.
Gainera, herritarren babesa ere "gero eta nabariagoa" dela ziurtatu dute, eta Gasteizko Udalari egoera argitzeko eskatuz plazaratutako gutuna ehunka lagunek sinatu dute dagoeneko. Guztira, 1.600 sinadura baino gehiago jaso dira momentuz, eta kopuruak gora egiten jarraitzen du egunetik egunera. https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSdD2YONKcNNassJgWy7... estekan sina daiteke.
"Proiektu honek ezin du zakarrontzian amaitu. Horregatik ozen salatu nahi dugu Gasteizko Udalaren utzikeria eta borondate falta eta, eskatzen dugu udalak egoera bideratzeko eta konponbide adostu bat lortzeko neurriak har ditzadala berandu baino lehen", esan dute.