Gasteizko tranbia Zabalganara hedatzeko proiektuak 120,7 milioi euroko inbertsioa eskatuko du

Maider Etxebarria, Imanol Pradales, Ramiro Gonzalez eta Susana Garcia Chueca
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 19 enero 2026 11:23

GASTEIZ, 19 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak astelehen honetan sinatu dute hiriko tranbia Zabalganara eta Betoñuko kotxetegi berrietara zabaltzeko lanak egiteko finantziazio hitzarmena. Proiektua 120,7 milioi euroko inbertsioa eskatuko du.

Hitzarmena Zabalganan bertan sinatu dute, etorkizunean tranbiaren ibilbidea egongo den inguruetan. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru zela, Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburu eta Euskal Trenbide Sareko (ETS) presidenteak, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Maider Etxebarria Gasteizko alkateak izenpetu dute hitzarmena.

Guztiek nabarmendu dute erakundeen arteko lankidetza hiri osoa Zabalganaraino egituratuko duen ahalmen handiko garraio sistema hedatzeko lanean. Tranbiaren lehen adarra egin zenean bezala, Eusko Jaurlaritzak ibilbidearen aurrekontuaren %65 jarriko du, eta Aldundiak eta Udalak %17,5na. Kotxetegi berrien kostua ETSk ordainduko du, eta Udalak lagatako lurretan egingo dira.

Horrela, guztira, Jaurlaritzak 88,4 milioi euro inbertituko ditu ibilbidearen zatian eta kotxetegietan, eta Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak 16,14na milioi euro.

Pradalesek nabarmendu duenez, jarduera horrekin, Jaurlaritzak beharrizan bati erantzuten dio eta "horrek ongizate handiagoa esan nahi du, gehien nabaritzen den lekuan: egunerokoan". Gainera, Jaurlaritzak Zabalganarekin etorkizunean egingo duen apustua ere nabarmendu du, alokairu babestuko 700 etxebizitza baino gehiago eta Bigarren Hezkuntzako Institutua handitzea aurreikusten baititu, besteak beste.

"Gauzak nola egiten ditugun aztertu behar dugu. Hitzarmen honek euskal gizartearen beharrei erantzuten dien politika erabilgarri, eraginkor eta eraikitzailea islatzen du. Urrats erabakigarria eman dugu emandako hitza betetzeko, horixe baita gure gobernu programan jasotako konpromisoetako bat", adierazi du.

Era berean, Garcia Chuecak nabarmendu duenez, "Zabalgana auzo gazte eta dinamikoa izanik, garraio publiko jasangarriaren aldetik behar bezalako lotura izatea merezi du, tranbia bide esaterako. Horregatik, aurten bertan hasiko ditugu obrak, bigarren seihilekoan, Aldaiako adarrean, eta lanean ari gara udaberri honetan Mariturriko adarraren eta bide komunaren lanak lizitatzeko, erdiguneko lotura egin arte".

Halaber, Maider Etxebarriak azpimarratu du hitzarmena sinatzea "albiste zoragarria" dela, "Zabalganak, Gasteizko auzorik jendetsuenak, garraio publiko %100 elektrikoa, irisgarria, erosoa eta gaitasun handikoa merezi duelako".

Akordioa "herritarren eskariei erantzungo dien urrats garrantzitsua" dela ziurtatu du, "bizi kalitatea hobetuko duena eta auzo berriak hobeto lotuko dituena mugikortasuna sustatzeko estrategia partekatu baten barruan".

Bestalde, Ramiro Gonzalezek azaldu duenez, "Gasteizko tranbia, zalantzarik gabe, erakundeen arteko elkarlanaren adibide da, gizartearen mesedetan. Hiriko garraioaren bizkarrezur bihurtu da, eta arrakasta handia du, zalantzarik gabe, garraio hori erabiltzen duten pertsonen kopuruagatik eta ematen duten zerbitzuagatik".

"Sinadura honekin, mugikortasuna hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, Zabalgana auzoan bizi diren edo bertara joaten diren dozenaka mila pertsonei eta erdigunetik Zabalgana arteko tartean bizi diren pertsonei mesede eginez", esan du.

PROIEKTUA

Gasteizko Zabalgana auzoak 30.000 biztanle baino gehiago ditu, hiriko auzorik gazte eta populatuena da, eta erdigunetik iristeko bideak zati komun bat izango du orain, Lovainan, Zabalgana hiribideraiino. Han bi adarretan banatuko da: bata Aldaiara joango da, eta bestea Mariturrira.

Zati komun horretan, tranbiaren maiztasuna 7,5 minutukoa izango da, eta Aldaiako adarrean zein Mariturrikoan tranbia 15 minutuan behin pasako da, bakoitzak zati komunetik datozen unitateak txandaka jasoko baititu.

Bide berriak 6,3 kilometroko luzera izango du guztira; 5,5 kilometro Lovaina eta Zabalgana artekoak izango dira, eta gainerakoak ETSk Betoñun eraikiko dituen eta egungoak osatuko dituzten kotxetegi berriekin loturan, Ibaiondon.

Aldaia adarraren lizitazioa joan den abenduan egin zenez, lanak aurtengo bigarren seihilekoan hasiko dira. Tarte hori Nazio Batuen Hiribidean barna joango da, eta kilometro bat inguru luze eta bi geltoki izango ditu: lehenengoa Zabalganako ikastetxe publikoaren ondoan eta bigarrena hiribide horren 47 zenbakiaren parean; azken geltokia izango denez, 'topeak' izango ditu -segurtasunez balaztatzeko gailu finkoak-.

Tranbiaren sarea gaur egun errepidearen bi noranzkoak banatzen dituen erdibitzaileak hartzen duen espazioan eraikiko da, eta bide bikoitza eta lorategiz hornitutako plataforma berdea izango ditu. Tarte horretan hiribidea berrantolatuko da, zirkulazioaren noranzko bakoitzean errei bakarra izan dezan ibilgailuek zirkulatzeko, biribilguneetan izan ezik, horiek errei gehigarriak izango baitituzte.

Tranbia sarea egiteaz gain, obrak hiri eta paisaia integrazioko jarduerak ere barne hartzen ditu, besteak beste, tranbia plataformaren gainean landare estaldura instalatzea, galtzadak, espaloiak eta aparkalekuak birbanatzea, drainatze jasangarria duen egitura lurzorua instalatzea edo bizikleta errei bereiziak jartzea.

Horren guztiaren helburua da hiri korridore berde bat egitea, bide eremua birnaturalizatzea eta tranbiak zeharkatzen dituen eremuetako ingurumen kalitatea hobetzea.

Ibilbidearen beste bi adarrak datozen hilabeteetan lizitatuko dira. Lehenengoa Mariturrikoa izango da, eta Zabalgana Etorbidearen eta Nazio Batuen arteko biribilgunean hasi eta Sofia Erregina Etorbidearen 1. zenbakian dagoen geltokiraino iritsiko da. Tarte horretan azpiestazio elektriko bat eta 4 geltoki egongo dira.

Erdiko adarra, berriz, Lovaina plazatik igaroko da, tranbiaren sarera konektatzen den lekutik, Zabalgana auzoa lotu arte. Bost geltoki izango ditu, horietako bat Lovainakoa, eta azpiestazio elektriko bat.

Contador

Contenido patrocinado