GASTEIZ 9 (EUROPA PRESS)
Gasteizko Udal Musika Bandak eta Josune Velez de Mendizabal aktoreak 'Zinemaren soinua' izenburuko kontzertu familiarra eskainiko dute datorren igandean, otsailaren 15ean, Arabako hiriburuko Felix Petite antzokian, inauteriekin bat eginez. Kontzertuak zinemaren mundura eramango du publikoa soinu banden bidez.
Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziak, Iker Olazabal Gasteizko Udal Musika Bandako zuzendariak eta Josune Velez de Mendizabalek berak aurkeztu dute ikuskizuna astelehen honetan udaletxean egindako prentsa agerraldian.
Diaz de Corcueraren esanetan, "soinu bandak funtsezko elementuak dira eszenei laguntzeko, indartzeko eta zentzua eta emozioa emateko. Denok ezagutzen ditugu historian gordeta geratu diren melodiak, entzun bezain laster film jakin batera eramaten gaituztenak. Kontzertu honek, hain zuzen ere, horixe proposatzen du, zinemako melodia enblematikoenetako batzuetan barrena soinu bidaia egitea. Hori guztia Josune Velez de Mendizabalen eskutik egingo dugu, bidaia hori familiek lehen pertsonan bizi dezaten".
Adibide, iruzkin eta bitxikerien bidez, musikagileek giroak, pertsonaiak eta emozioak sortzeko nola lan egiten duten jakingo dute ius-entzuleek. Familian gozatzeko, entzuten ikasteko eta zinemaren irudien eta bizitza ematen dieten musikaren arteko harremana hobeto ulertzeko pentsatutako hitzordua izango da.
Olazabalek adierazi duenez, "inoiz sentitu duzu hotzikararik zergatik jakin gabe, pertsonaia bat pantailan agertu aurretik? Ez da kasualitatea: musikaren magia da zineman. Kontzertu honek zinema beste modu batera entzutera gonbidatzen zaitu. Zinema, musika edo besterik gabe zerbait berezia bizitzea gustatzen bazaizu, ezin duzu galdu hitzordu hau".
Ikuskizunak musika eta antzerkia uztartuko ditu Josune Velez de Mendizabalen laguntzari esker. Ez da Gasteizko bandak aktorearekin oholtza partekatzen duen lehen aldia, aurretik ere aritu baitira, adibidez, eskolako kontzertu pedagogikoetan eta Abraham Cupeiro 'Pangea' lanean, 2021ean.
"Zorte handia da musikari profesional horien eskutik publiko guztiei zuzendutako proiektu artistikoak jasotzea. Antzerkia eta zuzeneko musika bateratzea ametsa da, eta gozatzeko aukera bikoitza, bai niretzat, bai hurbiltzen den publikoarentzat. Zinemarako egiten diren musika konposizioei balioa emango diegu, are gehiago gure euskal zinemak inoiz baino presentzia eta sari handiagoa duen honetan", esan du Velez de Mendizabalek.
Igandeko kontzerturako sarrerak eskuragarri daude Gasteizko Udal Antzoki Sarearen webgunean eta leihatilan (Turismo Bulegoa), eta, inauteriak ospatzeko, jendea gonbidatu dute mozorrotuta joatera.