Gazteen osasun mentala aztertzen duen Zurrunbiloa proiektuak kirolean jarri du arreta

Gazteen osasun mentala aztertzen duen Zurrunbiloa proiektuak kirolean jarri du arreta
ELHUYAR
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 21 enero 2026 12:48

DONOSTIA 21 (EUROPA PRESS)

Gazteen osasun mentalaren inguruko begirada eraldatzeko asmoz Elhuyarrek martxan jarritako Zurrunbiloa proiektuak kirolean jarri du arreta oraingoan, eta, besteak beste, 500 nerabe ingururekin egindako azterketak kirolaren onurak erakutsi ditu, baina baita "dinamika kezkagarriak" ere, "nerabeen aurkako biolentziaren sintomak direnak".

Elhuyarrek jakinarazi duenez, Zurrunbiloa proiektuak ikuspegi berritzaile batetik heldu dio gazteen osasun mentalaren arazoari, eta modu kolektiboan begiratu eta erantzutea proposatzen du.

Horrela, oraingoan kirolaren esparruan egin du hausnarketa. 500 nerabe baino gehiagorekin egin du azterketa, eta zenbait psikologo, kirol entrenatzaile eta ikertzaileren eta antropologoren laguntza ere izan du.

Nerabeen aurkako "biolentzia ikusezinarekin" amaitzea da ekimenaren xedea, "funtsezkoa baita gazteen osasun mentalaren arazoari aurre egiteko behar den eraldaketa soziala gauzatzeko". Kirol esparruko hausnarketa egiteko proiektuak Kutxa Fundazioaren eta Elgoibarko Udalaren (Gipuzkoa) laguntza jaso du.

Nerabeekin egindako azterketatik ondorioztatu da kirola egiten duten nerabeek "osasunaren markatzaile hobeak" dituztela. Halaber, osasun fisikoa sustatzeaz gain, nerabeen talde pertenentziaren sentipena indartzeko gaitasuna du kirolak, eta bi horiek "funtsezko aldagaiak dira osasun mentalerako". Nerabeen %85entzat, kirol taldekideak dira sare sozialik sendoena.

Kirolak ospe handia du gizartean, eta azterketak erakutsi du kiroletik kanpo geratzen diren nerabeek zaurgarritasun zantzuak azaltzen dituztela. Horrela, besteak beste, laguntza eskatzeko gaitasuna murrizten die kirolaren inguruan sortzen den lagun saretik kanpo geratzeak: %61k ez du eskatzen laguntzarik behar duenean, nerabeen %37k duen joera orokorraren aldean. "Datu kezkagarria da, laguntza eskatzeko gaitasuna funtsezkoa baita nerabeen osasun mentala bermatzeko", esan dute Elhuyarretik.

Era berean, kirola ikuspegi inklusibo batetik eta ongizatean zentratuta egiten denean, "espazio pribilegiatua" da gazteen osasun mentala hobetzeko. Edonola ere, nerabeen osasun emozionala ez da beti bermatzen kirolean, eta haien osasun emozionalari kalte egin diezaioketen presio dinamikak ere gertatzen dira.

Hain zuzen, azterketan sei dinamika identifikatu dira, nerabeen aurkako biolentziazko jokaerak direnak: minaren erromantizazioa, jarrera autoritarioak, zaurgarritasuna barregarri uztea, helduen gehiegizko espektatibak, kirolaren hizkera bortitza eta konplize isil moduan jokatzea.

ZURRUNBILOA

Elhuyarrek Danobatgroupen babesarekin eta Kutxa Fundazioaren eta Elgoibarko Udalaren laguntzarekin sustatutako Zurrunbiloa proiektuak ikuspegi berritzaile batetik heldu dio gazteen osasun mentalaren arazoari, eta modu kolektiboan begiratu eta erantzutea proposatzen du.

Elhuyarren arabera, gizarteak presioa maila askotan gauzatzen du gazteengan, eta haien osasun emozional eta mentalean eragiten du presio horrek: presio akademikoa, kiroletakoa, estetikoa, soziala eta beste.

Adituen ustez, helduon gehiegizko espektatibek maila guztietan arrakastatsu izateko presioa egiten diete, osasun emozionala eta mentala urratzeraino, "eta egiturazko faktoreak aldatu eta presio dinamikak identifikatu ezean, nekez gaindituko da arazoa".

Proiektuak hiru fase ditu. Lehenengo fasean, adituekin eta testigantzak eman dituzten lau gazterekin, bost ikus-entzunezkoen serie bat osatu da, besteak beste. Bigarren fasean, Elgoibarren, herri mailako diagnosi bat egin da eta, horri erreparatuta, arazo nagusiak eta haien eragileak identifikatu dira.

Hirugarren fasean, gizarteari emango zaio protagonismoa. Bi urteko ondorioak oinarri hartuta, hausnarketa prozesu bat irekiko da herrian nerabeen inguruan lan egiten duten eragileekin, herrian egingo den bide orria adosteko.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado