DONOSTIA 13 Mar. (EUROPA PRESS) -
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteriako Sailaren Gaztemaniak programak deialda egin du 2016an lurraldean egingo diren musikako eta arte eszenikoetako formatu txikiko Katapulta izeneko emanaldien zirkuituan parte hartuko duten artistak aukeratzeko. Programak hiru helburu nagusi ditu: Gipuzkoako artisten garapen profesionala sustatzea, lurraldeko kultura dinamizatzea eta kultur programazio egonkorra duten guneen ikusgaitasuna bultzatzea.
Deialdian parte hartu ahal izango dute musikaren eta arte eszenikoen esparruetan garatu nahi duten artista profesional edo erdi profesionalek. Pop, rock, folk, elektronika, hip-hop eta antzeko musika estiloetako proposamenak onartuko dira, bai eta formatu txikiko arte eszenikoetako proposamenak ere, esate baterako, mikro antzerkia, bakarrizketak, performanceak eta magia. Aurkezten diren proposamenek beraienak izan behar dute edo haientzat sortuak.
Tekniko eta profesionalez osatutako epaimahai batek egingo du aukeraketa, eta sei proiektu musikal eta arte eszenikoko zortzi hautatuko ditu. Lehentasuna izango dute Gipuzkoan erroldatutakoek eta 30 urte baino gutxiago dituzten artistek. Kalitatea eta artisten ibilbidea eta hizkuntzen eta generoen arteko oreka kontuan hartuko da.
Hautatutakoei zera eskainiko zaie: hiru emanaldi Gipuzkoako gune desberdinetan; 400 euro emanaldi bakoitzeko; artista edo proiektua sustatzeko bideo baten grabazioa. Musikari dagokionez, emanaldietako bat Gaztemaniak programako talde profesional baten hasierako gonbidatu gisa egingo da. Proposamenak martxoaren 23ra bitartean aurkeztu behar dira www.gaztemaniak.eus/ webgunean. Bertan beharrezko informazio guztia eskaintzen zaie.