Genero indarkeriako kasuen identifikazio goiztiarraren garrantzia nabarmendu du Osakidetzak

Archivo - Osakidetzako langilea
OSAKIDETZA - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 8 mayo 2025 13:03

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Osakidetzak genero indarkeriako kasuen identifikazio goiztiarraren garrantzia nabarmendu du feminizidioei buruzko azterlan batean. Zehazki, genero indarkerian adituak diren euskal osasun zerbitzu publkikoko profesionalek Bizkaiko Probintzia Auzitegiko Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Batzordearen feminizidioei buruzko azken 12 urteetako azterlanean parte hartu dute.

Bada, Osakidetzatik jakinarazi dutenez, txostenaren ondorioen arabera, besteak beste, genero indarkeriako kasuak goiz identifikatu eta modu egokian erregistratzea "gako-ekintzak dira gure ingurunean gertatzen diren feminizidioak iragartzeko orduan".

Osasun arloan genero indarkeriaren muturreko kasuen detekzioa hobetuko duten ekintzei dagokionez, Osakidetzako profesionalek hainbat ondorio atera dituzte, eta, horien artean, nabarmendu dute arreta jarri behar dela erregistro egokia egitean, hau da, profesional sanitarioek kasuak goiz identifikatu eta Historia Klinikoan erregistratu behar dituztela, genero indarkeriako susmoa kodifikatzeko aukera emateko.

Horretaz gain, beharrezkotzat jotzen da genero indarkeriaren biktimaren zaurgarritasuna handitzen duten aldagaiei heltzea, hala nola migrazioari, landa eremuan bizitzeari, toxikoak kontsumitzeari, desgaitasunari edo prostituzioari.

Ildo horretan, txostenaren arabera, bereziki erabilgarria da ezagutzea 'heriotza indizea' izeneko iragarpen elementua, aurretik existitzen den zaurgarritasun egoera baten biktimen ehunekoa adierazten duena. Gure ingurunean, heriotza indize handienak landa eremuaren, migrazioaren eta desgaitasunaren ondoriozko zaurgarritasunari lotuta daude, %80, %50 eta %50, hurrenez hurren.

Toxikomaniekin eta psikopatologiekin lotura duten biktima eta erasotzaileen portaerei eta aurrekari pertsonalei buruzko informazio bilaketa xehea lantzea, biktimen banakako beharretara egokitutako laguntza ematea eta genero indarkeria kasuetan beste erakundeekin lankidetzan aritzeko beharra dira garatu beharreko beste alderdi batzuk.

PRESTAKUNTZA

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak urteak daramatzate Genero Indarkeriaren Estrategia gauzatzen, osasun arloko profesionalen informazioan eta prestakuntzan oinarrituta. Horrela, azken bederatzi urteetan, osasuneko 21.549 profesionalek jaso dute genero indarkeriari buruzko prestakuntza, eta genero indarkeriari buruzko 400 prestakuntza ekintza baino gehiago egin dira.

Gainera, Osakidetzak bi gida ditu osasun profesionalei genero indarkeriaren kasuak detektatzen laguntzeko. 2019an, 'Genero indarkeriaren eta sexu erasoen aurrean nola jardun jakiteko jarduketa gida' argitaratu zen, eta iaz, 'Genero indarkeriaren biktima diren seme-alaben aurrean jarduteko osasun arloko profesionalentzako gida'.

Bi tresna horiek erreferentzia dira Osakidetzan osasun langileek genero indarkeriako egoeretan jardun beharreko moduari dagokionez, eta prebentzioa, detekzio goiztiarra eta esku hartzea jorratzen dituzte.

Gidek eskaintzen dituzten jarraibideak testuinguru asistentzial ezberdinetara egokituta daude, hau da, etxeko arretara, Lehen Mailako Arretara, larrialdietara, ospitalizaziora edo osasun mentalera.

Contenido patrocinado