Genero indarkeriaren biktima diren emakumeei diru laguntza emateko eta ordaintzeko prozedura onartu du Jaurlaritzak

Archivo - Genero indarkeriaren aurkako espazioa Erandion
AYUNTAMIENTO DE ERANDIO - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 13 enero 2026 14:34

GASTEIZ 13 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak 1/2004 Lege Organikoaren 27. artikuluan aurreikusitako genero indarkeriaren biktima diren emakumeei diru laguntza emateko eta ordaintzeko prozedura ezartzen duen agindua onartu du astearte honetan.

Jaurlaritaren arabera, ordainketa bakarreko laguntza ekonomikoa da, erasotzailearengandik independizatzeko eta bizitza autonomoko proiektu bati ekiteko prozesuan genero indarkeria jasan duten emakumeei laguntzera bideratua, etxebizitza aldaketei, alokairu fidantzei edo indarkeria egoerarekin lotutako zorrei aurre egiten lagunduz.

Testuinguru horretan, Jaurlaritzak Euskadin emakumeen aurkako indarkeria matxistaren prebalentziari buruz egindako inkesten emaitzak gogorarazi ditu. Hain zuzen ere, emakumeen aurkako jazarpenari buruzko inkestan (16 eta 85 urte bitarteko 4.500 emakumeren lagin adierazgarria), %57k adierazi zuen bizitzan noizbait sexu jazarpena edota jazarpen errepikatua jasan zuela. Bada, Jaurlaritzaren helburua da edozein indarkeria matxista prebenitzea, detektatzea eta biktimei arreta ematea eta irmoki gaitzestea.

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak azpimarratu du garrantzitsua dela urratsa ematea eta laguntza eskatzea, eta, gogorarazi duenez, "salatzeak eta hitz egiteak babesa eta laguntzak aktibatzea ahalbidetzen du". Orobat, nabarmendu du erakundeek baliabide espezializatuak dituztela emakumeei laguntzeko "hasiera-hasieratik".

Azken ekitaldietan, laguntzak izapide bolumen handia izan du. Horrela, 2022an 459 eskaera izapidetu (2021ean egiteke zeuden 42 espediente barne), eta 255 eman ziren, urteko inbertsioa 1.598.128 eurokoa izanik. 2023an, 667 eskaera izan ziren (2022an 76 sartu gabe), eta 385 onartu, 2.341.440 euro bantuz. 2024an 609 eskaera zenbatu ziren (2023an 76 sartu gabe), eta 364 onartu, 2.259.180 euro emanez.

2025ari dagokionez, urtarrilaren 1etik urriaren 31ra bitarteko behin-behineko datuekin, 267 laguntza eman ziren, 1.600.000 euro jada emandako laguntzetara bideratu ziren, eta 681.680 euroko igoera aurreikusi zen urte amaierara arteko emakidei erantzuteko.

Guztira, 2022tik 2024ra, 6.198.748 euro bideratu dira laguntza horietara, eta, 2025erako aurreikuspenarekin (aurrekontu igoera barne), guztizko zenbatekoa 8.480.428 eurokoa izango da.

Laguntza ukatzeko arrazoi nagusiak baldintzak ez betetzearekin lotuta daude, besteak beste, biktima izaera aurreikusitako moduan ez egiaztatzearekin, atalase ekonomikoa gainditzearekin edo beste prestazio batzuekiko bateraezintasunekin.

SEME-ALABAK ETA ADINEKOAK

Gainera, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak emakumeen aurkako indarkeria matxistaren ondorioz hildako biktimen seme-alabentzako laguntza ekonomikoa ere ematen du. Heriotzaren uneko adingabeei zuzenduta dago, eta 21 urte bete arte eska daiteke, baldin eta Euskadin benetan bizi badira. Dekretua onartu zenetik sei laguntza eman dira, 94.560 euro banatuz, eta espediente batzuk izapidetzen ari dira.

Era berean, indarkeria matxistaren arreta indartzeko estrategiaren ildotik, lan espezifikoa areagotuko da adineko emakumeekin, kolektibo horrek oztopo handiagoak izan baititzake identifikatzeko, kontatzeko edo laguntza eskatzeko.

Jazarpen mota jakin batzuen prebalentziak behera egiten du adinarekin batera (65-85 urtekoen taldean jazarpen tasa %39,9 ingurukoa da), baina indarkeria matxistak adineko emakumeei ere eragiten die, eta urteetan ezkutuan egon daiteke.

Horrela, beste jarduera batzuen artean, eremu soziosanitariotik eta komunitariotik detektatzea eta bideratzea, adinekoei arreta ematen dieten profesionalen prestakuntza, eta informazioaren eta laguntza baliabideen irisgarritasuna indartuko dira.

SATEVI

Azkenik, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak gogorarazi du eskuragarri dagoela SATEVI etxeko indarkeriaren edo sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei informazioa eta arreta emateko zerbitzu espezializatua 900 840 111 telefono zenbakian, eta profesional espezializatuek artatzen dutela, egunean 24 orduz, urtean 365 egunez. Zerbitzua berehalakoa, anonimoa, konfidentziala eta doakoa da, eta ez du arrastorik uzten fakturan.

SATEVIk 51 hizkuntzatan ematen du arreta, eta entzuteko edo hitz egiteko desgaitasuna duten pertsonak ere artatzen ditu bideointerpretazioko web kanal baten bidez (WebRTCrekin bateragarria den nabigatzailea behar du, hala nola Chrome edo Firefox).

Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako genero indarkeriaz gain, informazioa eta arreta ematen ditu beste indarkeria batzuen aurrean (inguruko etxeko indarkeria, sexu indarkeria, salerosketa, emakumeen genitalen mutilazioa, ezkontza behartuak, sexu jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena lan eremuan, besteak beste).

Baliabidea biktima diren emakumeentzat dago eskuragarri, baita informazioa edo aholkularitza behar duten senide edo hurbileko pertsonentzat eta profesionalentzat ere.

Contador

Contenido patrocinado