'Gipuzkoa Antzinaroan: hizkuntzak eta eremu linguistikoak onomastikaren argitan' ikerlana argitaratu du Euskaltzaindiak

Markel Olano, Luis Mari Zaldua eta Andres Urrutia, aurkezpenean.
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: jueves, 4 marzo 2021 12:14

DONOSTIA, 4 (EUROPA PRESS)

Euskaltzaindiak Luis Mari Zaldua euskaltzain urgazlearen 'Gipuzkoa Antzinaroan: hizkuntzak eta eremu linguistikoak onomastikaren argitan' ikerlana aurkeztu du ostegun honetan Donostiako San Telmo museoan. Argitalpen berria 'Izenak' bilduman editatu du Akademiak eta Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin plazaratu da. Liburua Euskal Herriko liburu dendetan dago salgai, eta Euskaltzaindiaren webgunean ere eskura daiteke (euskaltzaindia.eus).

Liburuaren aurkezpenean izan dira Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Luis Mari Zaldua euskaltzain urgazle eta liburuaren egilea.

Azaldu dutenez, lanak bederatzi atal nagusi ditu, baita Roberto González de Viñaspre eta Patxi Salaberri euskaltzain osoen atariko hitzak ere, eta, finean, "gaur egun bizirik dagoen ustekizuna ezbaian jartzeko argudioak proposatzen ditu". Ustekizun edo teoria hori aski ezaguna da, eta badio euskara Antzinaroaren amaieran heldu zela Araba, Bizkai eta Gipuzkoara, Nafarroatik. Bada, liburuak bestelakoa dio, toponimian errotutako arrazoiak erakutsiz.

Euskaltzaindiak hastapenetatik erakutsi duen "elkarlanerako gogoa eta bokazioa" nabarmendu ditu Urrutiak, eta Gipuzkoako Aldundiak betidanik emandako laguntza eskertu du: "Lehenik, agur hitzak eskertzeko ahaldun nagusiari bere laguntza eta Akademiarekiko konpromisoa; orobat, Luis Maria Zaldua euskaltzain urgazle eta Onomastika batzordekideari liburu hau lantzearren".

Ondoren, ikerlanaren garrantzia azpimarratu du euskaltzainburuak: "Behar-beharrezkoa da euskararen nondik norakoak ezagutzea eta ezagutaraztea, badirelako uste ustel edo erdipurdikoak, oinarri sendorik ez daukatenak, oraindik ere bizirik dirautenak. Eta horien parean honelako lan arduratsu eta zorrotzak jarri behar ditugu. Euskal kultura eta euskara ditugu jokoan".

Bestalde, Olanok nabarmendu duenez, Gipuzkoaren "izaera eta bilakaera historikoa aztertzeko garaian, funtsezko elementua da euskara eta euskal kultura". Bere hitzetan, "gure lurraldearen iragana eta oraina ezin da ulertu euskararik gabe. Hala da, gutxienez, Antzinarotik, liburu honen argitan. Horregatik, Gipuzkoaren ezagutzan sakontzeko, beti ere zientziaren eta ikerkuntza zorrotzaren bidetik, ezinbestekoa dugu euskal hizkuntzaren jatorriari eta eboluzioari buruzko jakintza areagotzen jarraitzea".

TEORIA

'Gipuzkoa Antzinaroan: hizkuntzak eta eremu linguistikoak onomastikaren argitan' liburuan, erromatar garaiko epigrafiatik zein geografo eta historialarien liburuetatik atera daitekeen informazioa modu bateratuan aztertu du Zalduak, eta hura Erdi Aroko nahiz Aro Modernoko euskal onomastikarekin erkatu, Gipuzkoako Antzinaroko hizkuntza egoeraren ezagutzan argi egiten laguntzeko asmoarekin.

Horrela, Gipuzkoara euskara Nafarroatik heldu zela diotenen aurrean, Luis Mari Zalduak bestelako arrazoiak eman ditu, nahiz eta onartzen duen ustekizun hori nahikoa hedatuta dagoela. "Teoria hori sostengatzen duten arrazoiak zalantzazkoak dira, baina teoriak berak bizirik dirau", esan du ikertzaileak.

"Inskripzio gutxi batzuk eta lauzpabost toponimo dira erromatarren garaian Gipuzkoan bizi zirenak euskaldunak zirela zalantzan jartzeko argudio nagusiak", gaineratu du Zalduak.

Gaurko datuen argitan, jatorri indoeuroparreko mintzairen ekarpenak "gaineko geruza" ematen duela azaldu du, "ez azpikoa, hau da, itxura batean badirudi euskaldunok hemen bizi ginela Antzinaroan".

Teoria hori zalantzan jartzeko -erabat baztertzeko bestelako probak beharko lirateke-, toponimiaz baliatu da Zaldua liburuan: "Euskal jatorrikoak ez diren zenbait leku izenen hizkuntza trataerak edo bilakaerak garbi samar adierazten du izendapen horiek sortu edo iritsi zirenean euskal enborreko hizkuntza gailentzen zela gure lurraldean, alegia, biztanleria euskalduna zela".