Gorka Urbizuren kontzertuarekin hasiko da BBK-k Euskaraldia dela-eta antolatutako egitaraua

Archivo - Gorka Urbizu
AYTO. VITORIA-GASTEIZ - Archivo
Actualizado: viernes, 9 mayo 2025 12:41

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

Gorka Urbizu musikari eta kantari nafarrak maiatzaren 17an Bilboko BBK Salan eskainiko duen kontzertuarekin hasiko da Euskaraldiaren inguruan BBK-k antolatu duen kultur egitaraua.

Hain zuzen, banku fundazioak jakinarazi duenez, Bizkaian kultura eta euskara sustatzeko duen konpromiso sendoari eutsiz prestatu du programazio berezia, maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldiaren laugarren aldiaren harira.

"BBK-k lurraldeko kultura eragileekin batera lan egiten du euskal kulturan eta hizkuntzan arreta jarrita, funtsezkotzat jotzen baitu norberaren kulturarekiko ezagutza, errespetua eta harrotasuna indartzea, bereziki euskarazko kultura sorkuntza eta zabalkundea bultzatuz, hizkuntza baita identitate eta berezitasunaren funtsezko elementu bat", nabarmendu dute BBK-ko arduradunek.

Horren haritik, BBK-k Euskaraldiarekin bat egingo du, "berezko aberastasun kultural eta artistiko hori balioetsi gura duten hainbat jarduerarekin". BBK Salan egingo den programazioan, kontzertuak, mahai inguru bat eta irratsaio bat izango dira.

Hasteko, Gorka Urbizuk kontzertua eskainiko du maiatzaren 17an, 18:00etan. 25 urtez Berri Txarrak taldearen buru izan ostean, musikari eta kantari nafarrak bakarkako ibilbideari ekin dio eta 'Hasiera bat' diskoa kaleratu du, "gordintasunaren eta edertasunaren alde egiten eta bizitza frenetikotik aldentzeko gonbit egiten diguna".

BBK-k Euskaraldia dela-eta antolatutako egitarauak maiatzaren 21ean jarraituko du, 11:30ean hasiko den mahai inguru batekin. 'Emakumeak musikaren munduan' izenburupean, Amaia Ispizua (Get In-management), Olatz Salvador (artista), Eider Iturriaga (argazkilaria-roadmanagerra) eta Maitane Serrano (argiztapen-teknikaria) bilduko dira, eta moderatzailea Maddalen Arzallus bertsolari eta aurkezlea izango da.

Egun berean, baina 20:00etan, Heitxi abeslariaren kontzertua izango da. Heitxi Eider Etxeandia da, "bere belaunaldiko ahots indartsu eta freskoenetakoa". Elektro-triki-pop gisa definitutako estiloarekin, elektronika eta euskal tradizioa uztartzen ditu "ikuspegi pertsonal eta konprometitu batetik", identitatea, osasun mentala edo borroka feminista bezalako gaiak jorratuz.

MAIATZAK 22

BBKren egitarauak maiatzaren 22an izango du ekintzarik gehien. Hasteko, 10:00etan, Gaztea irratiako saio baten emanaldia izango da BBK Salan, euskal musikaren panoramako artista nagusien parte hartzearekin.

Arratsalde-gauean, berriz, kontertuak izango dira. Lehenik, 19:00etan, Itsasu eta Bidarraiko musikariek osatzen duten Maskak taldea ariko da. Euskararekiko eta osasun mentalarekiko "konpromiso sendoa" erakusten du bere abesti guztietan, eta, hain zuzen, hortik dator taldearen izena: Maskak (maskara edo mozorroak).

Ondoren, 20:30ean, Eiderren kontzertua izango da. "Bere zuzeneko magnetikoak sakonki konektatzen du publikoarekin eta abesti bakoitza bizi-esperientzia bihurtzen du", nabarmendu dute antolatzaileek.

Jarraian, STR taldearen kontzertua izango da 22:00etan. Bizkaian jaiotako pop elektronikoko banda bat da, hyperpop, drum & bass eta melodia introspektiboak nahasten dituena.

BBKren Euskaraldiko egitaraua bukatzeko, Dupla bikotea arituko da 23:30ean. "Landa ingurunetik hiri musikaren aglomeratu bat" eraiki duen Aguraingo bi sortzailek osatzen dute, eta elektronika, rocka, dantza, letra satirikoak, pop leloak, tradizioa eta joera berriak uztartzen ditu.

Contador