BILBO 19 (EUROPA PRESS)
Gripe kasuak zein birusak eragindako erietxeratzeak "nabarmen" jaitsi dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) urtarrilaren 12tik 18ra bitarteko astean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak erregistratutako datuen arabera.
Hain zuzen, osasun publikoko erakundeok jakinarazi dutenez, joan den astean 806 gripe kasu izan dira EAEn, eta horrela, %31,98ko jaitsiera izan da aurreko zazpi egunekin alderatuta.
Gripeak eragindako ospitalizazioei dagokienez, Osakidetzak 127 egin ditu joan den astean, %28,25eko jaitsiera izanik. ZIUko erietxeratzeen kasuan, bost izan dira, aurreko zazpi egunetan zortzi izan ziren bitartean, hau da, %37,5eko jaitsiera.
Osasun Sailaren eta Osakidetzaren arabera, datuok berretsi egin dute azken bi asteetan gripe kasuen beherakada jarraitua, baita ospitaleko eta ZIUko ingresuen beherakada ere.
Gaur egungo datuak eta aurreko kanpainako tarte berekoak aztertuz gero, ikusten da duela bi urteko aste berean 2.027 kasu izan zirela, aurten 806 izan diren bitartean. Erietxeratzeei dagokienez, data berdinetan 211 izan ziren, eta aurten 127.
Bestalde, gripearen intzidentzia 812,48 kasukoa da 100.000 biztanleko EAEn, hau da, aurreko astean baino 38 gehiago. "Intzidentziaren hazkundearen pixkanakako moteltzea gripearen hedapenak izan duen beherakadaren adierazle garrantzitsua da. Intzidentzia, metatutako datua denez, gora egiten du gripe kasuak zerora iristen diren arte", azaldui dute.
Lurralde historikoka, gripearen intzidentzia tasa 946,34 kasukoa da 100.000 biztanleko Araban, 815,47 kasukoa Bizkaian eta 752,44 kasukoa Gipuzkoan.
Gripearen kanpaina hasi zenetik, 18.317 kasu, ospitaleetan 2.419 erietxeratze eta ZIUn 77 ospitalizazio erregistratu dira guztira EAEn. Osakidetzako ospitale sareko okupazioa %86,36 izan da joan den astean.