BILBO 3 Dic. (EUROPA PRESS) -
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) "Gure Sor Lekua" euskaraz egindako lehen filmaren aurkezpena eta proiekzioa egingo ditu gaur, abenduaren 3an, arratsaldeko 19:30ean, Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan, Bilbon, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira.
EHUk jakinarazi duenez, "Gure Sor Lekua" Euskal Herriari buruzko ordu eta erdi irauten duen koloretako dokumentala da, eta 1956an estreinatu zen Hazparnen (Lapurdi), bertakoa baitzen zuzendaria, André Madré jenerala. Diasporako euskaldunei zuzenduta zegoen, egilearen hitzetan, sorlekua iruditan ikusiz, haien herrimina arintzeko asmoz. Hitzak, Jean Elizalde 'Zerbitzari' idazle, apaiz eta euskaltzainak egin zituen.
Horixe izan zen egin burutu zuen pelikula bakarra. Historiografiak apenas aipatu du dokumentala, guztiz ezezaguna zelako, eta hari buruz emandako datu urrietan, ez zen ageri euskaraz izan zitekeenik. Izan ere, pelikula galdutzat ematen zen, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko NOR ikerketa taldeko Josu Martínezek 2012an kopia mutu bat aurkitu zuen arte.
Hain zuzen ere, Josu Martínezek "Gure (zinemaren) Sor Lekua. Euskarazko lehen filmaren aurkikuntza, historia eta analisia" izenburua duen bere tesia defendatuko du epaimahaiaren aurrean asteazkenean bertan, arratsaldeko 15:30ean.
EHUk antolatutako ekitaldian, filmaren bertsio laburtua proiektatuko da, Joserra Senperenak propio konposatutako jatorrizko musikarekin. Musika zuzenean interpretatuko du Xaer/Hertz laukoteak. Aurkezpenean izango dira Iñaki Goirizelaia errektorea, André Madré zuzendariaren alarguna eta EHUko ikerlari Josu Martínez.