Gure Zirkuak Portu Zaharrean jarritako karpan hasiko da Euskaraldia Getxon

Europa Press País Vasco
Publicado: miércoles, 7 mayo 2025 14:10

BILBO 7 May. (EUROPA PRESS) -

Gure Zirkuak Algortako Portu Zaharrean kokatutako karpan egingo den ekitaldiarekin hasiko da Euskaraldiaren laugarren edizioa Getxon (Bizkaia), maiatzaren 15ean.

Euskal Herriko herri administrazioek eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak elkarlanean antolatutako euskararen erabilera aktibatzeko ariketa soziala maiatzaren 25era izango da aurten, lehen aldiz udaberrian.

Bada, Getxoko Udaletik jakinarazi dutenez, udalak berak eta Egizu eta Bizarra Lepoan euskara elkarteek osatutako sustapen batzordeak mota askotako jarduerak antolatu ditu herritarrak ariketan parte hartzera animatzeko, bakoitza bere rolarekin (ahobizi, belarriprest edo irribizi). Izen-ematea hilaren 14ra arte dago irekita www.getxoztarrak.eus web orrian.

Euskaraldiaren helburua hizkuntza ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea da, bai eta entitateek euskaraz bizitzeko neurriak hartzea ere.

Ildo horretan, Getxoko Udalak eta bere erakunde autonomoek izena eman dute ekimenean entitate gisa parte hartzeko eta herritarrak animatu dituzte era pertsonalean ere konpromisoa hartzeko.

"Euskara gure altxorra da eta udaletik, beste behin ere, euskararekin dugun konpromiso irmoa agertu nahi dugu. Horregatik euskararen erabilera sustatzeko Euskaraldiarekin bat egiten dugu. Elkar mugituz egingo dugu, Getxo eta euskara bat eginda. Euskara maite dugulako", adierazi du Amaia Agirre alkateak.

Bada, maiatzaren 15ean, Andres Isasi Musikalia bandak kalejira egingo du 17:30ean Etxetxu plazatik, eta Gure Zirkuaren karparako sarrera girotuko du, ALBEko bertsolariekin batera. Bertan, azken hilabeteotan herrian egindakoaren laburpen bideoa ikusi, rolen azalpena entzun, Gure Zirkukoen aktuazioarekin gozatu eta irribizi rolari buruzko bideoa ikusi ahal izango da.

Gainera, Euskaraldiaren Getxoko Hamaikakoaren aurkezpena egingo da, Euskaraldiaren manifestua irakurri eta txapak jarri aurretik. Ekitaldia amaitzeko, Musikalia bandak Bulego taldearen 'Gure bihotzaren taupadak' abestiaren moldaketa eskainiko du, Asier Ituarte Andres Isasi Musika Eskolako irakasleak egina.

JARDUERAK

Bestalde, Getxoko Udalak eta herriko eragileek mota askotako jarduerak antolatu dituzte Euskaraldiaren inguruan. Horrela, hasteko, ostiralean, maiatzaren 9an, bingo musikala izango da Areetako Geltokia plazan, eta igandean, maiatzaren 11n, dantza saioa izango da Algortako Geltokia plazan Ebats taldearekin.

Maiatzaren 14an, goizean herri kirolak eta arratsaldean 'Nola erabili euskara gehiago familian?' izeneko merienda-dinamika izango dira Aldai patronatuan, eta 'Hau gerra bat da' antzezlana Villamonteko Kultur Etxean.

Hilaren 15ean irratsaioa izango da Bizkaia Irratiaren, Getxoko Udaleko Komunikazio sailaren, Hirukaren eta Vinilo FMren eskutik, getxoztarren partaidetzarekin.

Biharamunean, maiatzaren 16an, Euskaraldia horma-irudia egingo dute Andra Mariko jaietan, Benta aurrean, eta maiatzaren 17an, 'Eskerrik asko Irribizi & Belarriprestei' ekitaldia izango da.

Bestalde, Algortako Dendak merkatarien elkarteak ere bat egin du Euskaraldiarekin 'Algortako dendak euskararen alde' kanpainaren bidez, Getxoko Udalaren laguntzarekin.

Auzoko establezimenduek hartutako rola erakutsiko dute beren erakusleihoetan tokiko artista batek egindako diseinuen bidez eta paperezko 5.000 poltsa pertsonalizatu banatuko dituzte erosleen artean. Era berean, Getxoko Euskararen Laguna Saltokiak sareko establezimenduek ere erakusleihoan Euskaraldiaren biniloa ipiniko dute.

Contenido patrocinado