HABEren B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatzeko deialdi irekietan 3.102 lagunek parte hartuko dute

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 13 octubre 2017 16:24

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

HABEk sustatutako euskara mailak egiaztatzeko deialdi irekiek herritarren aldetik "oso harrera positiboa" jaso dutela nabarmendu du ostiral honetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak. Guztira, 3.102 lagunek parte hartuko dute B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatzeko deialdietan. Aurten, deialdi irekiak lehen aldiz zabaldu dira C1 eta C2 mailetara, euskara maila egiaztatu nahi dutenei ahalik eta erraztasun gehien emateko.

Azterketa ireki hauetan parte hartzeko ez da beharrezkoa euskaltegi batean matrikulatuta egotea, eta ezarritako baldintza orokorrak betetzearekin nahikoa da. "Helburua da ahalik eta erraztasun gehien ematea euskara ikasten ari direnei edo beren euskara maila egiaztatu nahi duen edonori. Deialdi irekia iaz egin zen lehenengoz, B1 eta B2 mailetarako, eta aurten C1 eta C2ra zabaldu dugu. Uste dugu bide luzea izango duela deialdi irekien adar berri honek", HABEko zuzendari Jokin Azkuek azaldu duenez.

Deialdi irekietako probak urriaren 21etik abenduaren 2ra bitartean izango dira, Barakaldoko BECen, Donostiako Luberri institutuan eta Gasteizko Mendebaldea institutuan. Emaitza orokorrak abenduaren 13an jakinaraziko zaizkie azterketa egin dutenei. Maila bakoitzari dagokienez, 444 lagunek eman dute izena B1 maila egiaztatzeko; 1.340k, B2 mailarako; 1.037k, C1 egiaztatzeko, eta 281k, C2 maila egiaztatzeko.

Bestalde, 2017ko HABEren bigarren deialdi itxian 3.976 ikaslek parte hartuko dute, guztiak euskaltegietako ikasleak. Bigarren deialdi honetan B2, C1 eta C2 mailak egiaztatu ahal izango dira. Kasu honetan, 1.378 lagunek eman dute izena B2 egiaztatzeko; 2.396k, C2 egiaztatzeko, eta, azkenik, 202k, C2 egiaztatzeko. Aurtengo lehenengo deialdi irekian 7.721 ikaslek eman zuten izena: 3.218 ikaslek B2 maila egiaztatzeko, 4.419k C1erako, eta 354 azterketarik C2rako.

Contenido patrocinado