Harrobia zentroko ikasleek berdintasuna sustatzeko euskarazko mahai joko didaktiko eta inklusiboa sortu dute

"Berdingo!" Jokoa Ikasenpresa Azokan.
HARROBIA
Actualizado: martes, 26 mayo 2020 17:14

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Harrobia Lanbide Heziketa Bilbo zentroko marketin eta publizitateko ikasleek 'BerdinGO!' izeneko euskarazko mahai jokoa sortu eta merkaturatu dute. Mahai jokoa 8 urtetik gorako umeei zuzenduta dago eta jokoaren helburu nagusia genero berdintasuna sustatzea da. Hortik atera da jokoaren leloa: 'Lanbideak berdinduz'.

Jolasaren bitartez txikienek berdintasuna eta inklusibitatea moduko baloreak barneratzea lortu nahi dute jokoaren egileek. Izan ere, mahai jokoa etxean zein eskolan joka daiteke, euskaraz zein ingelesez. Mahai jokoa gehiago ezagutzeko ikasleek sortutako http://berdingo.eus/ webgunea bisita daiteke, bai eta Instagram, Facebook eta Twitter kontuak ere.

Gainera, webgunean jokoa doain deskargatzeko aukera dago: http://berdingo.eus/mahai-jokoa-eskuratu/. Halaber, jokoaren azalpena eta itxura Youtube kontuan ikus daiteke, Harrobia zentrotik jakinarazi dutenez.

'BerdinGO!' proiektuak urtebete baino gehiagoko ibilibidea izan du mahai jokoaren lan prozesuan. Harrobiako marketineko ikasleek, 'design thinking' metodologia erabiliz, erabilltzaileen beharrak aztertu dituzte, 'nola jolasten dute umeek' edo 'zein ezaugarri dituzte gure mahai jokoaren erabiltzaileek' moduko galderei modu sortzailean erantzunez.

Gainera, mahai jokoen sektorean "bete-betean murgiltzeko", Bizkaiko Urtxintxa Eskolarekin elkarrizketatu dira eta, ikerketa eginda, mahai jokoen prototipoak Bilboko eskola ezberdinetan probatu dituzte.

Diseinu grafikoko programa profesionalak erabiliz egin da jokoa, eta, fase honetan, ikonografiari arreta handia prestatu zaio, ikonografia inklusiboa lortzea izan baita ikasleen erronketako bat. Marina Azkarraga Harrobia Ikastolako marketin ikasleak azaldu duenez, "umeentzako ikonografia eta iruditegi erabilterraza sortzeaz gain, irudi inklusiboak landu ditugu, genero, arraza eta itxura anitz irudikatuta daude 'BerdinGO!' mahai jokoan".

IKASLEAK EKINTZAILE

Bestalde, Harrobiako marketineko ikasleak "ekintzaile bihurtu dira" genero berdintasunean oinarritutako euskarazko mahai jokoa aurrera ateratzen, eta dagoeneko lehenengo bezero eta salmentak lortu dituzte: alde batetik, Bilboko eskoletan egin diren salmenta sareei esker, eta bestetik, kultura ekintzailea sustatzeko Eibarko Ikasenpresa azokan parte hartuz. Bertan, 'BerdinGO!'-k bere lehenengo salmenta puntu fisikoa lortu du: Twins denda.

Gainera, PuntuEUS Fundazioak gazteen euskarazko eduki digitalen sorkuntza sustatzeko antolatutako Kaixomundua lehiaketan ere parte hartu dute, 'BerdinGO' webgunea sortuz. Yaiza Garcia ikasleak nabarmendu duenez, "'BerdinGO!' ez da soilik mahai joko bat, 'BerdinGO!' euskara, berdintasuna, gizartea, heziketa eta balioen irudia da. Etorkizun hobeagoa eraiki nahi duen mahai jokoa da".