BILBO 12 Dic. (EUROPA PRESS) -
'Hermes' aldizkariaren azken zenbakiak, "Aniztasunean bat eginik? - ¿Unidos en la diversidad?" izenburupean, Euskaltzaindiak eta Sabino Arana Fundazioak aurtengo otsailean antolatu zuten "Desagertzeko arriskua duten europar hizkuntzez eta hizkuntza aniztasuna Europar Batasunean" mintegian egin ziren ekarpenak bildu ditu.
José Antonio Rodríguez aldizkariko zuzendaria, Juan Mari Atutxa Sabino Arana Fundazioaren presidentea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatua, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Erramun Osa Euskaltzaindiaren idazkariordea eta aldizkariaren zenbaki honen edukien prestatzailea -mintegiaren koordinatzailea ere izan zen- izan dira gaurko aurkezpenean.
Adolfo Arejita euskaltzain eta Labayru Ikastegiko zuzendaria ere bertan izan da, Labayruk eta Sabino Arana Fundazioak "Euskara batua eta euskalki-hizkerak elkar eragin aberasgarri bati buruz" izeneko mintegia egin baitute gaur bertan.
Aurtengo otsailean egin zen mintegiaren garrantzia nabarmendu dute partaideek. Hala, Andres Urrutiaren esanetan, "bertan izan ziren azpimarratzeko moduko oinarriak: batetik, ekimen horrek berretsi zuen Euskaltzaindiaren 'jagon' lana, alegia, Euskaltzaindiaren kezka, euskara bera ikertzeko eta baita jagoteko ere; bestetik, ekimen horrek are zabalago jarri zuen Europako bidea; eta hirugarrenik, ekimen horrek jendaurrean jarri zuen Akademiaren eta Fundazioaren asmoa, argi erakutsiz elkarkidetzaren emaitzak aberatsak eta aintzat hartzekoak direla euskalgintzaren eremuan".
Lankidetzaren aldeko agertu da Juan Mari Atutxa ere, eta hizkuntzen arteko bizikidetzaren eta aniztasunaren alde mintzatu da, horiek direlakoan, "dudarik gabe, hizkuntzek, eta bereziki gutxiagoturiko hizkuntzek, aurrez aurre daukaten erronka nagusietariko bat: nola iraun, nola indartu, nola biziberritu hizkunz hegemonikoek markatutako joko zelaian?".
TALDE ARTEKOA
Halaber, Bruselan badagoela zer eginik gaineratu du Izaskun Bilbaok. "Eurodiputatu gehienek -esan du- uste dute euskara moduko hizkuntzak europear aberastasunaren oinarrizko parte direla".
Jarraian, Europako Parlamentuaren hizkuntza gutxituei buruzko talde artekoa berriro eratu behar dela esan du, "hortik sortu baitzen François Alfonsik koordinatu zuen 'Desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzez eta Europar Batasuneko hizkuntza aniztasunari buruzko txostena'".
Bestalde, Patxi Baztarrikak esan du Alfonsik koordinaturiko txostena "abiapuntua eta ez helburua" dela, eta Europa "batez ere, kultura eta hizkuntza aniztasuna" dela aldarrikatu. "Estatu hizkuntzez gain beste hizkuntza asko daude, euskara adibidez, eta Europan miloika pertsonek erabiltzen dituzten hizkuntzak dira", gaineratu du.
'Hermes' aldizkariaren zenbaki berrian hauen idatziak jaso dira: François Alfonsi Berdeak-ALEko Taldeko eurodiputatua; Csaba Sándor Tabajdi Europako Parlamentuko Sozialisten eta Progresisten Aliantzaren Taldeko eurodiputatua; Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatua; Andres Urrutia euskaltzainburua; eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza sailburuordea. Erramun Osa Euskaltzaindiaren idazkariordea izan da aldizkari honen edukien prestatzailea (mintegiaren koordinatzailea ere izan zen).
"Desagertzeko arriskuan dauden Europako hizkuntzei eta Europar Batasuneko hizkuntza aniztasunari buruzko txostena" ere argitara eman da aldizkarian. 2013ko irailaren 11n, Europako Parlamentuak txosten hori onetsi zuen, gehiengo oso zabalarekin. Hain zuzen ere, Euskaltzaindiarentzat eta Sabino Arana Fundazioarentzat, hori izan zen otsailean egin zen mintegia antolatzeko abiapuntua.