BILBO, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -
Soziolinguistika Klusterrak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) eta Ikastolen Elkarteak hezkuntza soziolinguistikorako materialen bilduma sarean erabilgarri jarri dute, Izaro Arrutik eta Sandra Prietok egindako lana oinarri hartuta. Adin eta ikasmaila desberdinetako ikasleentzat eta irakasleentzat baliagarri izan daitekezkeen denetariko materialak daude kontsultagai https://soziolinguistika.eus/eu/hezkuntza-soziolinguistika-b... datu basean.
Soziolinguistika Klusterretik jakitera eman dutenez, hezkuntza baliabide gisa erabil daitezkeen euskararen soziolinguistikaren eremuko askotariko materialak biltzen dira web atalean. Soziolinguistika, munduko hizkuntzak, hizkuntza ekologia eta euskararen biziberritzearen inguruko eduki teorikoak eta ezagutza praktikoak lantzeko materialen erreferentziak eta estekak formatuaren, modalitatearen eta gaien arabera sailkatuta aurkezten dira. Bildumak bilaketak egiteko aukera eskaintzen du.
Proiektuaren jatorrian funtsezko ideia bat dago: bere burua eraldatu nahi badu, hizkuntza gutxituaren komunitateak ezagutza soziolinguistikora sarrera bermatu behar die bere kideei.
Ildo horretan, ziurtatu dute ezagutza soziolinguistikoaren hedapena "estrategikoa" dela euskararen biziberritzearen ikuspegitik. "Bere burua eraldatu eta bere inguruan eragin nahi duen komunitateak hizkuntzaren eta gizartearen arteko harremana ulertzen lagunduko dioten tresnak behar ditu. Hezkuntza norbanakoak gizarte bizitzarako prestatzeko mekanismoa den heinean, hizkuntza gutxitu baten komunitateko kideok hezkuntza soziolinguistikoa jasotzea funtsezko beharra da", adierazi dute.
ASKOTARIKO MATERIALA
Euskararen soziolinguistikari dagokionez, hezkuntza baliabide gisa erabiltzeko materialak asko eta askotarikoak dira, pertsona eta erakunde askok sortu izan baitituzte testuak, argitalpenak edota hitzaldiak. Bakoitzak bere testuinguruari eta bere beharrei
egokituta eman die forma aipatutako materialei.
Bada, proiektuak sakabanatuta dauden baliabide horien guztien bilduma du oinarri. Izaro Arrutik eta Sandra Prietok Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultatean, DBHn, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta hizkuntzen irakaskuntzan irakasle gisa aritzeko gaitzen duen Unibertsitate Masterrean egindako Master Amaierako Lanerako osatu zuten bilduma eta honen azterketa.
Gainera, lanaren egokitzapenarekin 2021eko Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sarietan lehen saria jaso zuten. 'Bat' soziolinguistika aldizkarian ere argitaratua da aipatutako lanetik eratorritako artikulu zientifikoa.
Bilduma sarean eskuragai jartzeko proiektua 2022an zehar gauzatu da. Izaro Arruti bera izan da datu basearen egokitzapenaren arduraduna, Soziolinguistika Klusterrak egin ditu koordinazio lanak, Mondragon Unibertsitateko HUHEZIk eta Ikastolen Elkarteak proiektuaren gidaritzan eta finantzazioan parte hartu dute eta Iametza interaktiboak egin du inplementazio informatikoa.