Hizkuntza harrera egokiak indarrean jartzeko aukerak aztertuko dituzte ekainean Bilbon

Ezkerretik eskuinera: Aitor Aldasoro (Jaurlaritza), Idurre Eskisabel (Kontseilua), Sonia Rodríguez (Jaurlaritza) eta Aize Otaño (Kontseilua)
EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 14 mayo 2025 12:44

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak ekainaren 5ean eta 6an egingo dira Bilboko Arrupe Etxean, eta, iazkoei jarraipena emanez, 'Ongi etorri euskararen mundura. II. Harrera jardunaldiak' izena izango dute.

Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Sonia Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria eta Aize Otaño Euskalgintzaren Kontseiluko lehendakaria izan dira topaketen aurkezpenean.

Azaldu dutenez, jardunaldiek bi helburu dituzte: hizkuntza harrerari buruzko ezagutza ekoiztea eta, ezagutza horretatik abiatuta, harrera protokolo egokiak diseinatzea erakunde eta eragileen aldetik esku hartze egokiak bideratzeko.

Jardunaldiak doakoak izango dira, baina beharrezkoa da izena ematea www.kontseilua.eus webgunean, ekainaren 2ra arte. Halaber, bertan daude jasota jardunaldiei buruzko informazio guztia eta egitaraua.

Aurreko urteko 'Ongi etorri euskararen mundura' lehenengo jardunaldietan, harrera egoki baterako zumeak zeintzuk izan beharko liratekeen hausnartu zuten bertaratutakoek.

Aurtengo jardunaldietan, berriz, hausnarketa horiek indarrean jartzeko aukerez hitz egingo dute, martxan dauden harrera plan eta praktikak elkarbanatzeko aukera emanez.

Aurkezpenean nabarmendu dutenez, euskararen normalizazio eta biziberritzeko prozesuaren egungo erronketako bat da euskal herritar berriak helburu hori erdiesteko aliatu egitea, eta, horretarako, "ezinbestekoa da harrera egokia egitea".

Zentzu horretan, sortzen ari diren gogoeta eta praktikak elkarrekin partekatuko dira, eta harrera egiten duten hainbat eremutako esperientziak jasoko dira, bai maila instituzionalean eta baita maila komunitarioan ere.

Era berean, hainbat bizipen pertsonalen berri ere bilduko da, etorri berrien ikuskera eta hizkuntza harrera modu desberdinetan jaso dutenen hausnarketak ezagutzeko. Modu horretan, harrera protokolo egokiak diseinatzeko beharrezkoa den ezagutza pilatu eta partekatuko da.

EGITARAUA

Bada, lehen egunean, ekainaren 5ean, hizkuntza harrera maila instituzionalean egiten duten hainbat esperientziaren berri jasoko da. Aurrena, 09:30ean, Aitor Aldasoro Iturbe Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak harrera egin eta jardunaldiei hasiera emango diete.

Jarraian, Katalunian egiten den harrera linguistikoaren berri emango du Vanessa Bretxa Katalanaren Ezagutza Eskuratzeko eta Erabilera Sustatzeko zuzendari nagusiak, eta, atsedenaldi labur baten ondoren, harrera linguistikoari marko orokorra jarriko dio Belen Uranga Arakistain Soziolinguistika Klusterreko ikerlari eta Bat Soziolinguistika Aldizkariaren koordinatzaileak.

Ondoren, etorri berrien ibilbideak jasoko dira, SOS Arrazakeria elkarteko Mikel Mazkiaranen eta prozesua lehen pertsonan bizi izan duen kide baten eskutik. Eguna bukatzeko, Jaurlaritzako, Euskarabideko eta hainbat udalerritako harrera proiektuen arduradunak bilduko dira mahai inguruan, euren esperientzia, azterketa eta diagnostikoak partekatzeko.

Bigarren egunean, ekainaren 6an, hizkuntza harrera maila komunitarioan egiten duten hainbat proiektu ezagutu ahal izango dira. Aurretik, hainbat lekukotza jasoko dira, eskolaratzean euskararik jaso ez dutenen eta euskara helduaroan jaso dutenen gogoetak entzuteko.

Hain zuzen, jarraian, hezkuntza komunitatearen eremuan landu diren harrera esperientzia batzuk bilduko dira mahai inguruan, eta Josune Zabala Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren zuzendariak eremu honen ikuspegi estrategikoa landuko du.

Bestalde, 'Ongi Etorri Eskolara' proiektuko Garazi Zarauz kulturarteko ikuspegia eskola komunitatean lantzeko estrategiez arituko da, betiere, euskal kultura eta euskara ardatz.

Era berean, Ikastolen Elkarteko Zirimola aisialdi taldeko 'Pulunpa (e)ta Xin!' erdal jatorria duten ikasleentzako harrera eta murgiltze plana aurkeztuko du Odei Guirado pedagogoak. Atsedenaldiaren ondoren, hizkuntza harrera eta kulturartekotasuna lantzen duten proiektu komunitarioak ezagutu ahal izango dira mahai inguruan.

Eguna bukatu eta jardunaldiak borobiltzeko, hizkuntza harrera proposamenen inguruan eztabaidatzeko ariketa dinamizatua egingo da, entzundakotik egindako hausnarketak jaso eta aurrera begira eman daitezkeen pausoen inguruan adostasunak bilatzeko. Agur saioarekin emango zaie itxiera segidan bi egunetako jardunaldiei, 14:00etan.

Contenido patrocinado