BILBO 7 May. (EUROPA PRESS) -
Hizkuntza kimikoak izan dituzte aztergai "Elhuyar. Zientzia eta teknologia" aldizkariaren maiatzeko zenbakian, besteak beste, landareek edo mikroorganismoek komunikatzeko erabiltzen dituzten mezu kimikoak ezagutzeko aukera emanez.
Hain zuzen ere, hizkuntza kimiko horiek ikertzen ari dira, besteak beste, antibiotiko eta fungizida berriak sortzeko, Elhuyar Fundazioak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Begirik eta belarririk ez duten izakietan, komunikazioa kimika kontua izaten da. Landareak, adibidez, komunikatzaile petoak dira, eta hamaika mezu kimiko bidaltzen dituzte: aurkariak uxatzeko, lagunak erakartzeko, ingurukoak ohartarazteko, ahaideak ezagutzeko eta abar. Mikroorganismoek ere hizkuntza kimikoa erabiltzen dute, indarrak batu, eta bakarrik ezingo luketena taldean egiteko, edo inguruan zer dagoen jakin eta horren arabera zer egin erabakitzeko.
Ikertzaileak hizkuntza horiek ulertu eta ustiatu nahian dabiltza, besteak beste, antibiotiko eta fungizida berriak sortzeko, edo landareei haien berezko defentsak erabiliz etsaiei aurre egiten laguntzeko.
Horrela, landare, onddo eta bakterioek izaten dituzten hitzik gabeko elkarrizketei eskaini zaizkie "Elhuyar" aldizkariaren maiatzeko zenbakiaren erreportaje nagusiak.