Ia 4.300 gasteiztarrek eman dute botoa 'Hobetuz' ekimenean bozkatzeko lehen astean

Miren Fernandez de Landa Gasteizko Udaleko Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzia 'Hobetuz' etxolan
GASTEIZKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 9 marzo 2026 12:34

GASTEIZ 9 (EUROPA PRESS)

'Vitoria-Gasteiz Hobetuz' ekimenaren bosgarren edizioan bozkatzeko epea zabalik egongo den hiru asteetatik lehenbizikoa igaro da, eta dagoeneko 4.286 pertsonak eman dute boza beren lehentasunak adieraziz. Kopuru hori aurreko edizioan botoa eman zutenen guztizkoaren %60 da, orduan 7.171 pertsonak erabili baitzuten eskubide hori.

Miren Fernandez de Landa Gasteizko Udaleko Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzia pozik agertu da bozketak erritmo onean egiten ari direlako: "Oso pozgarria da lehen unetik botoa eman duten pertsonen kopurua ikustea. Horrek agerian uzten du gasteiztarrek maila guztietan udalerriaren hobekuntzan duten inplikazioa: pertsona batzuek proposamenak egiten, eta askoz ere herritar gehiago botoa ematen. Egitura sozial hori ikusita, baikorrak izan gaitezke: hiriak hobetzen jarraituko du eta hobekuntzek babes handia izango dute".

Bozketa fasea beste bi aste egongo da irekita, martxoaren 22ra arte, eta parte hartu nahi dutenek Gasteizko Udaleko teknikariek bideragarritzat jotako 135 proiektuetatik hiruren aldeko apustua egin beharko dute. Boto gehien jaso dituzten proposamenek hiru milioi euro izango dituzte egikaritzeko, 2026ko eta 2027ko udal aurrekontuetatik.

Horrela, zinegotziak oraindik bozkatu ez duten herritarrak animatu ditu proposamenak ezagutzera udal webgunean, gizarte etxeetan, BIZAN sarean eta Loma Jenerala plazan dagoen 'Hobetuz kalean' etxolan. "Inoiz baino proposamen gehiago ditugu aukeratzeko. Zailena hiru bakarrik aukeratzea da", nabarmendu du Fernandez de Landak.

'Vitoria-Gasteiz Hobetuz' ekimenak markak hautsi ditu aurtengo edizioan jasotako proiektuen (460) eta proiektu bideragarrien (135) kopuruei dagokienez. Proposamen batzuek %10eko haztapen gehigarria izango dute irizpide hauetako bat edo batzuk betetzeagatik: belaunaldien arteko bizikidetza, genero berdintasuna, kultur aniztasuna edota dibertsitate funtzionala, kalteberatasun egoeran dauden kolektiboen gizarteratzea, jasangarritasuna eta ingurumenaren babesa, arrakala digitalaren murrizketa, proposamen berritzailea edota hiri eremuko proposamena.

Aurrez aurre bozka daiteke, gizarte etxeetan (informazio bulegoetan aldez aurreko hitzordurik gabe, herritarrei arreta emateko bulegoetan aldez aurretik hitzordua eskatuta eta autotramitazio makinetan), San Martingo bulego teknikoetan, San Antonio kaleko herritarren arretarako bulegoan, BIZAN zentroetan eta 'Hobetuz Kalean' etxolan, beti ere baliozko identifikazio agiria aurkeztuta

Era berean, Gasteizko Udalaren webgunean ere eman daiteke boza, baina herritarren udal txartela (HUT), BakQ edo beste ziurtagiri digital bat izan behar da aktibatuta. Azkenik, Bak edo BakQ identifikazioak erabilita, 010 edo 945 16 11 00 telefono zenbakietara deituta ere bozka daiteke.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado