Ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ekimen bat abiatu dute

Ezkerretik eskuinera: Nagore Ipiña, Miriam Urkia eta Jose Luis Sukia
EUSKALTZAINDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 9 marzo 2023 13:05

DONOSTIA, 9 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Fakultateak (HUHEZI) eta Euskaltzaindiak Arikala aurkeztu dute ostegun honetan, ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko erabiliko den ikerketa ekintza berritzailea, hain zuzen.

Euskaltzaindiaren Luis Villasante Euskararen Ikergunean izan da agerpena, Donostian, eta bertan izan dira Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko zuzendari orokorra, Nagore Ipiña Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa eta Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Iker sailburua eta Gipuzkoako ordezkaria. Arikala gauzatuko duen hitzarmena ere sinatu dute guztiek.

Azaldu dutenez, gazteen ahozko komunikazioaren %80 inguru betetzen badu ere, orain arte gutxi ikertu izan den arloa da hizkera informalarena. Bada, 'Arikala' egitasmoaren bidez, ikastetxeetako eremu formalean zein aisialdian esku hartze sistematizatu eta iraunkorrak gauzatzeko material didaktikoa diseinatuko da.

Ondoren, material hori inplementatu eta inplementazioak ikasleen arteko hizkuntza ohituretan izan duen eragina aztertuko da. Hartara, ikerketa horretatik ateratzen diren emaitzetatik abiatuta, etorkizunean materialak testuinguru berrietara eraman eta esku hartzeen eragin esparruak handitzeko aukera izango da.

2022-2023ko ikasturtean hasi eta hiru ikasturtetan zehar garatuko da Arikala Euskal Herri osoko hamar ikastolatan: 2022-2023ko ikasturtean LH4. mailan, 2023-2024koan LH5. mailan eta 2024-2025ekoan LH6. mailan. Gipuzkoan, Haurtzaro eta Irura ikastolen parte hartuko dute; Bizkaian, Abusu eta San Nicolas; Nafarroan, Jaso eta Lizarra; Araban, Assa eta Laudio, eta Ipar Euskal Herrian, Kimua eta Garaziko ikastola.

ELKARLANA

Urkiak elkarlanaren garrantzia azpimarratu du bere mintzaldian, egitasmo honetan Akademiak "lagun fin eta leialak" izan dituela gogoratuz. "Euskararen normalizazioan dihardu Euskaltzaindiak, euskara batua ikertzea eta sustatzea izan du eta du helburu lehenetako bat, baina ez bakarra. Izan ere, lagunarteko euskara ere ikertu eta sustatu beharrekoa dela uste du. Horren adibide da 2022ko urtarrilean gure gain hartu genuen Mintzola egitasmoa, eta Mintzolaren baitan kokatu behar da Arikala", esan du.

Sukia ere pozik agertu da elkarlanaren ondorioz lortutako emaitzarekin. Ikastolen Elkartearen helburua "euskaldun osoak heztea" dela gogorarazi du, "euskara bizitzako edozein egoeratan eraginkortasunez eta behar besteko bizitasunez erabiltzeko gai diren pertsonak heztea".

"Horretarako, ezinbestean landu behar da norbanakoak duen hizkuntza erregistroen aldaera sorta: irakas arloei begira erabili ohi den hizkuntza erregistro formalaz gain, egoera ez-formaletarako ezinbesteko zaigun hizkuntza erregistro bizia erabiltzen trebatu behar ditugu ikasleak; elkarren osagarri baitira aldaera horiek. Egiteko horretan ekarpen ezin interesgarriagoa egingo digu Arikala proiektuak. Ikerketa ezinbestekoa zaigu, bertatik edan eta gure egitekoan pauso eraginkorrak emateko", azaldu du.

Azkenik, Ipiñak nabarmendu du ikerketa ekintzak eragina izango duela gizartean eta euskararen normalizazioan: "Egungo gizartean ahozko komunikazioak duen garrantzia kontuan izanda, adierazgarria iruditzen zaigu ahozko hizkera informala aztertzea, eta ikerketan ardaztutako proiektu honen parte izatea. Gainera, ikerketa ekintzan oinarritzen denez, aukera emango digu hizkuntza estrategiak garatzeko, ikasleen hizkuntza ohituretan eragiteko, eta erronkei erantzun asmoz material pedagogiko zein testuinguru berriak sortzeko".

Contenido patrocinado