Imanol Rego da Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente berria

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak orain arte izan dituen bost presidenteak, erdian Imanol Rego dagoela
INNOBASQUE
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 19 marzo 2025 11:55

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Irizar Taldeko egungo zuzendari nagusi Imanol Riego Iturralde da Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako bosgarren presidentea, hala onetsi baitute aho batez zuzendaritza batzordeko kideek, asteazken honetan Euskadiko Parke Teknologikoaren Bizkaiko campusean ezohiko batzarrean bilduta. 2017tik karguan izan den Manuel Salaverriaren lekukoa hartu du Regok.

Innobasqueren zuzendaritza batzordearen ezohiko bilerara bertaratu dira, Jaurlaritza ordezkatuz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregi eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila sailburu Juan Ignacio Perez Iglesias.

Era berean, Innobasqueko presidente izandako Pedro Luis Uriarte, Guillermo Ulacia eta Alberto Garcia Erauzkin, eta Euskadiko berrikuntzako eta esparru sozioekonomikoko eremu estrategikoetako hainbat arduradun ere bildu dira. Innobasqueko zuzendaritza batzordea 60 kidek osatzen dute.

Imanol Rego Innobasqueko presidente izendatu ostean, kargua utzi duen Manuel Salaverria batzordeari mintzatu zaio laburki, elkarrekin egindako bidaian emandako babesa eskertzeko, eta "harro" dagoela adierazi du.

"Guztiok, Innobasquek, bere 900 erakunde bazkide publiko eta pribatu baino gehiagok, berrikuntzaren euskal ekosistemak eta, oro har, euskal gizarteak, lan nekaezina egin dugu Euskadiko berrikuntzaren alde", nabarmendu du.

Salaverri presidente hautatu berriari ere mintzatu zaio: "Imanol, erronka handia duzu aurretik. Trantsizio sakonak eta erradikalak, geoestrategikoki nahasia den mundu bat, eta herrialde bat, Euskadi, balio eta ahalmen itzelekin eta, aldi berean, ahulezia handiekin, horietako batzuk egiturazkoak".

"Horiek izango dira zure inguruneko baldintzak. Baina ziur nago Innobasquek talentua eta energia duela Euskadin berrikuntza bultzatzeko eragile nagusia izaten jarraitzeko", gaineratu du.

Bestalde, Imanol Regok kargua hartu du "Manuel Salaverriaren lekukoa hartzeko ohorearekin, Innobasqueren ikuspegia finkatu den etapa giltzarri baten ondoren: berrikuntzaren euskal ekosistemaren bidez Euskadi Europa mailan berrikuntzaren lider diren eskualdeen ligan jokatzea".

"Aurrerapen hori posible izan da pertsona eta eragile askoren konpromisoari esker, berrikuntza Euskadirentzat lehiakortasunaren eta aurrerabidearen eragilea izan dadin lan egin baitute", esan du.

IMANOL REGO

Imanol Rego Iturralde (Donostia, 1972) Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendaritza batzordeko kidea da 2022ko irailetik, orduan izendatu baitzuten Irizar Taldeko zuzendari nagusi.

Industria ingeniaria da eta MBA bat du Lovainan. Harvard eta Singapurreko CCL negozio eskoletan trebatu da, eta ibilbide profesional zabala du industriari, teknologiari eta kanpo merkatuari lotuta.

Irizar Taldeko zuzendari nagusia izan aurretik, Irizar e-mobility filialaren buru izan zen, eta erantzukizun karguak izan zituen negozio eta merkatuko hainbat arlotan Schneider Electric multinazionalean, Corporación Patricio Echevarría enpresatik iritsi ondoren.

Gaur egun, gainera, Tecnaliako Patronatuko eta Batzorde Betearazleko kide da, baita CIDETECen Patronatukoa eta Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako Enpresa Aholkularitza Kontseilukoa ere, Euskal Herriko enpresa, ikerketa eta hezkuntzari buruz duen ikuspegia osatuz.

Innobasqueko presidente berriak adierazi du "une historiko hain garrantzitsu honetan" Salaverriaren lanarekin jarraitzeko "ilusioa duela. Ber hitzetan, "inflexio puntu batean gaude, arreta berezia eskatzen duten hainbat faktorerekin: berregituratze geopolitikoa eta deskarbonizazioa, trantsizio energetikoa, iraultza teknologikoa eta erronka soziodemografikoa".

"Gure enpresa eta industria ehunaren jasangarritasuna bermatzeko, beharrezkoa izango da ikuspegi estrategikoa eta etengabe aldatzen ari den munduan talentua erakartzeko, fidelizatzeko gaitasuna izatea", nabarmendu du.

BALANTZEA

Manuel Salaverriaren zazpi urteko presidentetza aldiaren balantzeari dagokionez, Innobasquek bere burua finkatu du Euskadiko berrikuntzarako eragile giltzarri gisa, eta Euskadiko 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planeko (ZTBP 2030) hainbat adierazle hobetzen lagundu du.

Hain zuzen, enpresa berritzaileen proportzioak gora egin du, 2020an %39,9 izatetik 2023an %46 izatera ugarota (+%15,5); ikerketa eta berrikuntzarako Europako esparru programaren nazioarteko finantzaketa 2020an 126 milioi eurokoa izatetik 2023an 160 milioi eurokoa izatera igaro da (+%27), eta 2023an 102 enpresa parte hartzaile egon ziren, 2020ko 82ekin alderatuta (+%24,4).

Bestalde, talentu zientifiko-teknologikoari ere ekarpena egin zaio, STEM arloko unibertsitate sarrera berrien portzentrajeak gora egin baitu, %30,1era iritsi arte (aurreko urtean baino %4,6 gehiago); emakumeen azpitaldean ere igoera antzekoa izan da (+%4,1).

Innobasquek Jaurlaritzari eta foru aldundiei berrikuntzari lotutako plan eta estrategiak garatzen eta ezartzen laguntzeko duen funtzioa finkatu du, eta, gainera, ZTBP 2030eko aldizkako ebaluazioan ere lagundu du. Euskal I+G+B arloari buruzko aldizkako jardunaldi, txosten eta jakinarazpenen bidez berrikuntzaren ikerketa eta jendarteratzea ere sustatu ditu.

Innobasqueren helburua Euskadi Europako berrikuntza maila handieneko eskualdeen artean kokatzea da oraindik, talentua eta inbertsioa erakartzeko estrategia gisa, bai eta gizarte aurreratua eta, beraz, oparoa garatzea ere.

Contenido patrocinado