Iñaki Martin bizkaitarrak Espainiako Medikuntzako Errege Akademiaren 2021eko Familia Medikua Saria irabazi du

Iñaki Martín Lesende doktorea Medikuntza Fakultatean ikasle batzuekin
EGOI MARKAIDA - UPV/EHU
Europa Press País Vasco
Publicado: martes, 28 diciembre 2021 17:16

BILBO 28 Dic. (EUROPA PRESS) -

Espainiako Medikuntzako Errege Akademiak 2021eko Medikuntza Orokorra/Familia Medikuntza Saria eman dio Iñaki Martin Lesende doktore bizkaitarrari. Madrilen jasoko du saria, urtarrilaren 11n egingo den ekitaldian. "Nire bizitza profesionaleko eremu guztietan egin dudan ibilbideari egindako aitorpen garrantzitsua da", nabarmendu du sarituak.

Euskal Herriko Unibertsitatetik (EHU) jakinarazi dutenez, Espainiako Medikuntzako Errege Akademiak 23 sari ematen ditu bere fundazioaren bitartez, "Espainiako medikuen lana, dedikazioa, ahalegina eta ibilbidea jendaurrean aintzatesteko". Sariak zortzi kategoriatan banatzen dira: RANME, Ibilbide Profesionala, Medikuntza Orokorreko Medikua, Irakaskuntzako Ibilbidea, Komunikazioa, Ikerketa, Medikuntzako Lizentziatua eta Doktoregoa.

Iñaki Martin Lesenderentzat (Erandio, 1962), "orekaren saria" da aintzatespena, bere bizitza profesionaleko 34 urteetan zehar, hainbat lan eremutan, ikerketan eta irakaskuntzan uztartu baitu lan kliniko asistentziala.

Irakasle izan da EHUko Medikuntza Sailean, eta Basurtuko Irakaskuntza Unitatean aritu da; Lehen Mailako Arretako mediku izan da Indautxuko osasun zentroan (Bilbo-Basurtuko ESI), eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzako zainketa integralen ikerketa taldeko kidea da Biocruces Bizkaiko Osasun Ikerketako Institutuan.

Martin Lesendek praktika asistentzialaren arloko hainbat ikerketa proiektu zuzendu ditu. Horrela, hiru eremutan nabarmendu da bere irakasle eta ikertzaile lana. Alde batetik, adinekoentzako Lehen Mailako Arretan, osasunean eragina duten lehentasunezko eremu klinikoetan; bestetik, komunikazioaren eta elkarrizketa klinikoaren arloan, eta, azken urteetan, ekografiarenean.

Bere espezializazioa dela eta, ospe handia lortu du nazioartean: MOEren 'Lehen Mailako Arreta atsegina adinekoentzat' izeneko proiektuaren diseinuan parte hartu du; hitzaldiak eman ditu Familia eta Komunitateko Medikuntzako Europako Elkartearen biltzarretan eta Europako Batzordean; Argentinako eta Txileko profesionalekin aritu da elkarlanean (gaur egun ere jarraitzen du), eta ahultasunari buruzko ADVANTAGE Joint Action ekintzako aditu taldeko kide izan da oraintsu.

Contenido patrocinado