BILBO 6 (EUROPA PRESS)
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) martxoko industriaren produkzioa aurreko urteko hilabete berekoa baino %2,1 txikiagoa izan da, lan egutegiko balio homogeneoetan. Aurreko hilabetearekin alderatuta, berriz, industriaren jarduerak %1,6ko jaitsiera izan du, urtaroen eragina zuzendu ondoren, Eustat euskal estatistika erakundeak landutako datuen arabera.
Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, kontsumo ondasunen produkzioak urtetik urterako %5,7ko jaitsiera izan du martxoan, ekipo ondasunen produkzioak %0,8ko igoera, bitarteko ondasunen produkzioak %3,9ko murrizketa, eta energiaren produkzioak %2,9ko hazkundea.
Maila bereiziagoan, EAEko industrian pisurik handiena duten sektoreen artean, makineria eta ekipamendua (-%8,0), garraio materiala (-%3,2) eta elikagai industriak, edaria eta tabakoa (-%2,7ko jaitsiera) taldeen produkzioetan izan dira urtetik urterako jaitsierarik handienak. Aitzitik, kautxua eta plastikoak sektorean produkzioak %3,4ko igoera izan du urtetik urtera, eta material eta ekipamendu elektrikoa sektorean %2,3koa.
Azkenik, lurralde historikoka, industriaren produkzioaren indizearen urtetik urterako bilakaera negatiboa izan da Araban eta Gipuzkoan (-%3,4 eta -%3,6, hurrenez hurren), eta Bizkaian, berriz, positiboa izan da, %0,1eko hazkundearekin.