Iparraldean euskara sustatzeko hitzarmena berretsi dute Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak

Maïder Behoteguy eta Ibone Bengoetxea hitzarmena sinatu ondoren
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 4 abril 2025 12:52

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Maïder Behoteguy Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak Ipar Euskal Herrian euskara elkarlanean sustatzeko bi erakundeen arteko hitzarmena berretsi dute ostiral honetan Baionan egindako ekitaldi batean.

Hain zuzen, 2025-2029 epealdirako esparru hitzarmenaren barruan, 2025erako lankidetzaren lan ildoak ezagutzera eman dituzte eta bi erakundeen diru ekarpena zehaztu dute ekitaldian.

Horrela, lankidetzarako bost arlo zehaztu dituzte, eta erabaki dute 1.930.000 euro bideratzea Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile pribatuen lana diruz laguntzera (iazko kopuru bera). Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 400.000 euro jarriko ditu xede horretarako.

Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzan egindako aurkezpenean Bengoetxeak adierazi duenez, "jauzi kualitatiboa eman nahi dugu euskararen erabileran eta helburu horretan ezinbestekoa da zubiak eraikitzea eta lurraldeen arteko harremana sendotzea".

"Harremanak estutuz, informazioa eta jakintza trukatuz, baliabideak bateratuz, proiektuak partekatuz, eraginkorragoak izango gara euskararen sustapenean", gaineratu du.

Horrez gain, hitzarmenak "komunitate sentipena sorraraztea" ere helburu duela adierazi du Jaurlaritzako lehen lehendakariordeak.

Bestalde, Maïder Behoteguyk lankidetzaren garrantzia naabrmendu du: "Enetako, lankidetza hau konfiantzan, jarraikortasunean eta euskararen alde konkretuki lan egiteko borondate partekatuan oinarritua da. Hemen eraikitzen ari garena lanerako esparru sendo eta bateratua da, bakoitza bere errealitatearekin, baina denok norabide berean aitzina eginez, euskararen alde".

"Itxaropenak handiak eta erronkak ugariak diren testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritza bezalako bazkide engaiatu baten sostengua izatea abantaila handia da Iparraldearentzat", esan du.

Hizkuntza politika gaietan bi erakundeen arteko lankidetza jarraitua 2007an abian jarri zenetik bosgarren akordioa da ostiral honetan Baionan sinatu dena.

Lankidetza esparruaren arabera, Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berretsi dute.

Esparru hitzarmenak elkarlanerako bost alor zehazten ditu: euskararen transmisioa, hizkuntzaren presentzia eta erabilera, hizkuntzaren kalitatea, hizkuntzaren aldeko motibazioa eta euskararen eragileen arteko zubiak eraikitzea. Esparru hitzarmenak lankidetzarako testuingurua definitzen du eta urtero ekintza programa bat adosten da.

EKINTZA PROGRAMA

Bada, ekintza programak lau lan ildo nagusi zehaztu ditu. Hasteko, helduen euskalduntze-alfabetatzean, hizkuntza gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetzaren jarraipena egingo da.

Gainera, helduen euskalduntzea garatzeko dauden laguntzei buruzko diagnosia egingo da eta Ingura euskara sarean ikasteko plataforma osatzen jarraituko da euskara ikasteko ate gehiago irekitzeko.

Bigarrenik, Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak adostu dute elkarrekin sortutako Euskararen Adierazle Sistemaren garapena elkarrekin jarraitzea, eta proiektuaren garapenarekin sistemaren eta adierazle egokitzapen lanetan aritzea, lurralde bakoitzaren errealitateak hobeki kontuan hartuz. Sistemaren webgunea elikatzeko lanek ere jarraituko dute.

Hirugarrenik, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzuen arteko partaidetza teknikoa zehaztu da, gai batzuren inguruan: itzultzaile neuronala (ideia da euskara-frantsesa itzultzaile neuronala elkarrekin garatzen segitzea); Nolaerran.org hiztegia Itzuli Desktop tresnan txertatuko da; HABE Liburutegiari dagokionez, ideia da zerbitzu hauek Euskararen Erakunde Publikoaren zerbitzura jartzea.

Azkenik, VIII. inkesta soziolinguistikoari dagokionez, adostu dute 2026an burutuko den VIII. inkesta soziolinguistikoaren prestaketa lanak abiatzea.

DIRU EKARPENA

Beste alde batetik, hitzarmenaren eranskinean zehaztu da Ipar Euskal Herriko euskalgintzari loturiko eragile pribatuen lana diruz laguntzeko diru ekarpena. Iaz bezala, 1.930.000 euro izanen dira horretarako; Euskararen Erakunde Publikoak 1.530.000 euro jarriko ditu, eta Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro.

Lankidetzarako aurrekontua bi multzotan banatuko da: 1.793.500 euro ezarriko dira Iparraldeko eragile jakin batzuk diruz laguntzeko, hitzarmen bidez, eta beste 136.500 euro beste edozein eragile pribatuk aurkeztutako proiektuak diruz laguntzeko, Hizkuntza Jarduera Proiektu Deialdiaren bidez.

Contenido patrocinado