'Ipuin-herriko berriak' filma euskaraz estreinatuko da EAEko lau zinema aretotan

'Ipuin-Herriko Berriak' Filma.
ZINEUSKADI
Publicado: jueves, 17 diciembre 2020 16:32

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lau zinema aretok 'Ipuin-herriko berriak' animaziozko filma euskaraz estreinatuko dute ostiralean, abenduaren 18an, 'Zinema Euskaraz' programaren bidez. Jens Moller-ek eta Freek Quartier-ek zuzendutako film holandarra 'Las crónicas de Fabulandia' haurrentzako telesailean oinarrituta dago.

Zineuskadi elkarteak jakinarazi duenez, 'Ipuin-herriko berriak' filmarekin, dagoeneko bost pelikula estreinatu ditu 'Zinema Euskaraz' programak itxialdiaren ondoren: 'Bihurri', 'Koko, dragoi txikia oihanean', 'Startdog & Turbocat' eta 'Dragoiaren gidaria'.

"Datu horrek agerian uzten du Zineuskadik euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko hartutako konpromisoa. Izan ere, kontuan izan behar dugu sektore honi gogor eragin diola covid-19aren pandemiak behartutako geldialdiak", azaldu dute elkarteko arduradunek.

'Zinema Euskaraz' programaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak haur eta gazteentzako pelikulak bikoiztea bultzatu eta zinemagintzan euskara sustatu nahi du. Testuinguru horretan jarri da berriro martxan programa, zinema aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.

Ostiralean estreinatuko den filmaren argudioari dagokionez, Hontz jaunak, bere zuhaitzera igota, 'Ipuin-herriko berriak' egunkaria irakurtzen du goizero. Bertan, Ipuin-herrin gertatzen diren istorio zoragarriak kontatzen dira, baina, batez ere, herriko biztanle guztien ezuste, haserre, esperientzia eta emozioak. Clara andereñoak, Bele jaunak eta gainerako lagunek kuadrilla dibertigarria osatzen dute. Nahiz eta batzuetan iritzi ezberdinak izan, asko zaintzen dute elkar.

'Ipuin-herriko berriak' filka lau zinema aretotan estreinatuko da: Golem Alhóndiga (Bilbo), Multicines 7 (Circuito Coliseo, Bilbo), Niessen (Errenteria) eta Antiguo Berri (Donostia).