Irakurketa errazera egokitutako euskarazko zientzia dibulgazioko lehenengo liburua argitaratu dute

'Zientziaren Uretan' Liburua
EHU
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 25 noviembre 2026 14:24

BILBO 25 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Irakurketa Erraza elkarteak irakurketa errazera egokitutako 'Zientziaren uretan' euskarazko zientzia dibulgazioko lehenengo liburua aurkeztu dute. 2023an izenburu berarekin argitaratutako liburuaren irakurketa errazerako egokitzapena da, eta astronomia eta astrofisika, ingurumena, meteorologia, kimika eta materialei buruzko dibulgazio zientifikoko artikuluen aukeraketa bat jasotzen du.

Lanaren aurkezpena Bilboko Bizkaia Aretoan egin da asteazken honetan, eta Gotzone Barandika EHUko Transferentzia eta Nazioartekotze errektoreordeak, Nerea Aizpurua Irakurketa Erraza elkarteko kideak, Elisabete Alberdi EHUko Argitalpen Zerbitzuko zuzendariak eta Iker Badiola EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendariak hartu dute parte.

Azaldu dutenez, proiektua aitzindaria da Europar Batasunean eta irakurtzeko edo irakurritakoa ulertzeko arazoak izan ditzaketen pertsonei ezagutza zientifiko rako sarbidea erraztea du helburu, eduki zientzifikoak euren beharretara egokituz.

Irakurketa erraza testuak egokitzeko metodo bat da: hizkuntza argia, egitura errazagoak eta egokitutako diseinua erabiltzen ditu, irakurketa eta ulermena errazteko. Dibulgazio zientifikoan aplikatzean, norbaitek irakurtzeko izan ditzakeen beharrei egokitzeko aukera eskaintzen du metodoak, zientziaren ezagutza eskuratzeko era berriak eskainiz.

'Zientziaren uretan' EHUko Argitalpen Zerbitzuak 2023an argitaratu zuen izenburu bereko liburuaren irakurketa errazera egindako egokitzapena da. Jatorrizko lanak 'Zientzia Kaiera' EHUko KulturaZientifikoko Katedrak 2013an martxan jarri zuen dibulgazio zientifikoko blogean argitaratutako artikuluen aukeraketa zabal bat bildu zuen. Orain, irakurketa errazak dituen irizpideez gain, lan berriak terminoen glosarioa eta piktogramak ere badakartza, edukiak errazago uler daitezen.

EGOKITZAPENA

Egokitzapen lanak Lina Ugarte eta Nerea Aizpurua Irakurketa Erraza elkarteko kide eta profesionalek egin dute. Egokitze prozesuari buruz, Aizpuruak adierazi du irakurleek zientzietako gaiak "ondo eta arin ulertzea, eta, batez ere, gozatzea" izan dela euren helburua une oro. "Erronka handia izan da askotan datuak eta ezaugarriak ondo azaltzea adibidez, edo jatorrizko testuen idazleen mezua modu errazean eta interesgarrian transmititzea, jatorrizko mezua 'traizionatu' gabe", azaldu du.

Irakurketa errazera egokitutako edizioak bost ezagutza arloko edukiak bildu ditu: astronomia eta astrofisika, ingurumena, meteorologia, kimika eta materialak. Beste kontu batzuen artean, astronomiaren jatorria, lentillak, tiritak eta bainu jantziak bezalako eguneroko objektuak nola egiten diren, edo historian zehar gizakiek kolore berdea eta urdina nola lortu dituzten azaltzen dira artikuluetan.

'Zientziaren uretan' liburua online egongo da salgai EHUko Argitalpen Zerbitzuaren webgunean ostiraletik, azaroaren 27tik, eta formatu fisikoan abenduaren 4tik liburu dendetan. Gainera, Durangoko Azokako nobedadeetako bat izango da, eta abenduaren 7an aurkeztuko dute Landako Guneko Talaia aretoan, 11:00etan.

Contador

Contenido patrocinado