Irakurleen IX. Topaketa egingo da ostiralean Donostian, 18 irakasleren parte hartzearekin

Iazko parte hartzaileak
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 9 julio 2026 10:05

DONOSTIA 9 (EUROPA PRESS)

Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Irakurleen IX. Topaketak Europako eta Ameriketako 14 herrialdetako unibertsitatetan euskara eta euskal kultura irakasten duten 18 irakasle elkartuko ditu Donostiako Tabakaleran ostiralean, uztailaren 10ean, ikasturtean zehar garatutako esperientziak eta abian dituzten proiektuak partekatzeko, jardunbide egokiak trukatzeko eta nazioarteko testuinguruetan euskara eta euskal kultura irakasteak planteatzen dituen erronkei buruz hausnartzeko.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, topaketan parte hartuko dutenak Chicago, Edinburgo, Varsovia, Habana, Leipzig, Helsinki, Bologna, Paris, Frankfurt edota Poznan bezalako hirietako unibertsitateetan dihardute. Goizean zehar, esperientziak partekatzeko eta eztabaidarako saioetan parte hartzeaz gain, Etxepare Euskal Institutuak euren jardunean erabiltzeko eskura dituen tresna eta baliabide digitalak ere ezagutuko dituzte.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxearekin bilduko dira, nazioarteko unibertsitateetan egiten duten lana partekatzeko. Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak eta Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendari Monika Madinabeitiak ere parte hartuko dute jardunaldian.

Irakurleen IX. Topaketak amaiera emango dio unibertsitate sarea sendotzea eta irakasleen etengabeko prestakuntza sustatzea helburu duen hiru eguneko programari. Prestakuntza zikloa astezkenean hasi zen, uztailaren 8an, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen (UIK) baitan antolatutako 'Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XVI. Euskara oholtzetan: musika, hizkuntza, nazioartea' ikastaroarekin.

Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kulturaren irakaskuntza sustatzen du nazioarteko unibertsitateetan, euskal ikasketen presentzia eta ospea indartzeko helburuarekin. Erreferentziazko unibertsitateekin sinatutako lankidetza hitzarmenen bidez, euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioa sendotzen du, eta hizkuntza eta kultura ezberdinen arteko elkarrizketa akademikoa sustatzen laguntzen du.

Gaur egun, mundu osoko 33 unibertsitatetan irakurletzak sustatzeaz gain, nazioarteko 12 katedra eta hiru ikerketa programa ere bultzatzen ditu Etxepare Institutuak. Sare horren bidez, euskara eta euskal kultura nazioarteko goi-mailako irakaskuntzan eta ikerketan txertatzen laguntzen du.

2018az geroztik urtero egiten den Irakurleen Topaketaren helburua da sare estrategiko hori sendotzea, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea eta euskara eta euskal kulturaren nazioarteko ordezkari diren irakurleen etengabeko prestakuntza bultzatzea.

Contador

Contenido patrocinado