Itzek, Ganibet, Zilibito Records eta Enbata Lorade dira Gaztea Maketa Lehiaketako finalistak

Gaztea Maketa Lehiaketako finalistak.
EITB
Europa Press País Vasco
Publicado: jueves, 2 noviembre 2023 17:45

BILBO 2 Nov. (EUROPA PRESS) -

Itzek, Ganibet, Zilibito Records eta Enbata Lorade taldeak dira 2023. urteko Gaztea Maketa Lehiaketako finalistak. Laurek zuzenakoa emango dute azaroaren 16an Bilboko BBK Salan, eta bertatik aterako da aurtengo irabazlea, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Publikoak aukeratu zuen lehen finalista (Enbata Lorade taldea), eta Julen Idigorasek, Lorea Argaratek eta Josune Arakistainek osatutako epaimahaiak beste hiru taldeak hautatu ditu, aurten jasotako 200 maketa baino gehiago entzun ostean.

Azaroaren 16an izango da final handia, Bilboko BBK Salan. 5.000 euro eskuratzeaz gain, 2024ko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera izango du talde irabazleak, eta Enbata Lorade taldeak eramango duen GAZ Sariaz gain (2.500 euro), finalistetako batek Oso Polita diskoetxearekin lau
abestiko EP bat grabatzeko aukera izango du, Harrobia Sariari esker.

Mungiarrak dira Nekane Otazua, June Aresti eta Antton Elorriaga, Itzek taldeko hiru kideak, eta orain arte abesti bakarra argitaratu dute: 'Nartziso';. Ganibet bikotea, berriz, Altsasutik dator, bertakoak baitira Ekain eta Amaiur, eta elektronika lantzen dute.

Zilibito Records sei lagunek osatutako kolektibo oiartzuarra da, eta trap, pop-punk, bachat, hyperpop eta beste hainbat estilo uztartzen dituzte; ekainean 'Hastapenak' lehen diskoa aregitaratu zuten.

Azkenik, Enbata Lorade Bakioko banda izan da aurtengo Maketa Lehiaketaren bozketa faseko garailea, botoen %23 eskuratuta. 'Marea', 'Zuzen' eta 'Egurre' maketak aurkeztu dituzte.

Contenido patrocinado