Jaurlaritza azaroko Kultura eta Sormen Industrien Europako Goi Bilera abiarazteko ekitaldian izango da Dublinen

Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea
EUSKO JAURLARITZA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 8 julio 2026 14:15

BILBO 8 (EUROPA PRESS)

Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea Dublinera joango da aste honetan, European Creative Industries Summit (ECIS) 2026 ekimena abiarazteko ekitaldi ofizialean parte hartzeko. Kultura eta sormen industriei eskainitako Europako hitzordu nagusia azaroaren 10etik 14ra bitartean egingo da Irlandako hiriburuan, 'Fáilte Future Europe' lelopean.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, ekitaldi ofizialean parte hartuz, 2024an Bilbon egindako edizioaren eta Dublingoaren arteko erreleboa irudikatzen da. Abiarazte ekitaldi instituzionalean 'pass the baton' tradizionala egingo da, eta, horren bidez, Design & Crafts Council Ireland erakundeak lekukoa emango dio hiri anfitrioiari, "Euskadik berrikuntza sortzaileko Europako sare hori indartzeko egin duen ekarpena aitortuta".

Ekitaldian Micheál Martin Irlandako lehen ministroak ere parte hartuko du, sormen sektoreko Europako antolakunde nagusietako ordezkariekin batera. Topaketarekin lotuta, Andoni Iturbek nabarmendu duenez, "Euskadin egindako edizioari esker, gure herrialdea kultura eta sormen industrien zeregin estrategikoari buruzko Europako eztabaidaren erdigunean kokatu zen".

"Orain, bide horri jarraituko diogu, eta kultura berrikuntzaren eta garapenaren eragiletzat jotzen duen ikuspegi partekatua sendotuko duen eta lurraldeen arteko lankidetza indartuko duen hurrengo edizioa abiarazteko ekitaldian parte hartuko dugu", azaldu du.

Dublingo edizioak jarraipena emango dio 2024an Bilbon hasitako lanari. Izan ere, Euskadik Europa osoko erakundeetako ordezkariak, enpresak eta profesionalak bildu zituen Bilbon, kultura- eta sormen-industrien etorkizunari buruz hausnartzeko. "Fáilte Future Europe" lelopean, aurtengo biltzarrak sektorearen erronka nagusietako batzuk izango ditu aztergai, hala nola adimen artifiziala, berrikuntza, trantsizio ekologikoa, herritarren parte-hartzea edo hizkuntzak eta kulturak lurralde-garapenaren eragile gisa betetzen duten zeregina.

Gainera, 2026ko edizioak Irlandaren eta Euskadiren arteko elkarlanean jarriko dy arreta, bi lurraldeek sormenaren, kultur nortasunaren eta hizkuntza biziberritzeko politiken aldeko apustua egiten baitute. Iturberen arabera, Eusko Jaurlaritzak abiarazte ekitaldian parte hartzeak agerian uzten du "Euskadik zernolako konpromisoa duen Europako lankidetzarekin eta gero eta berritzaileagoak, lehiakorragoak eta nazioartean konektatuagoak diren kultura eta sormen industriak bultzatzearekin".

Contador

Contenido patrocinado