GASTEIZ 27 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2027ko Aurrekontu Orokorren Proiektua onartu du astearte honetan, eta 17.629 milioi eurokoa da, aurten baino %7,6 gehiago. Zerbitzu publikoak indartzea, herritarren kezka nagusiei erantzutea eta Euskadi datozen urteetako erronka ekonomiko, sozial eta demografikoei bermez aurre egiteko prestatzea dute helburu nagusi, Noël d'Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak proiektuaren aurkezpenean adierazi duenez.
2027rako aurrekontuek legealdiaren hasieratik Jaurlaritzaren ekintza gidatu duten bi lehentasun nagusiei erantzuten dietela zehaztu du, hau da, zerbitzu publikoak eta ongizate estatua indartzen jarraitzea eta Euskadi etorkizunerako prestatzeko beharrezkoak diren eraldaketetan inbertitzea. "Helburu horiek herritarren benetako kezken alboan daude, eta gobernatzeak pertsonek, familiek eta enpresek aurrean dituzten erronkei erantzun zehatzak ematea esan nahi du", esan du.
Ziurgabetasun ekonomikoak, tentsio geopolitikoek eta aldaketa teknologiko eta sozial sakonek markatutako nazioarteko testuinguru konplexuan, EAEko 2027ko Aurrekontu Proiektuak "egonkortasuna, konfiantza eta erantzuteko ahalmena ematearen alde egiten du". Kontu publikoak "oinarri finantzario sendoaren gainean" eraiki dira, Jaurlaritzak ezarritako norabideari eusteko: funtzionatzen duena babestea, ongizatearen zutabeak indartzea eta Euskadiren modernizazioan aurrera egiten jarraitzea.
Orobat, 2027ko aurrekontuek "kalitatezko zerbitzu publikoekiko konpromisoa sendotuko dute, "eskuragarriak eta gizarte gero eta zorrotzagoaren eskaerei erantzuteko ahalmena izango dutenak". Osasuna eta Hezkuntza dira oraindik ere ahalegin horren oinarri nagusiak, eta aurrekontuetako baliabideen %56 bilduko dute, "pertsonak ekintza publikoaren erdigunean jartzen baitira".
Era berean, inbertsioaren aldeko apustua indartuko dute aurrekontuek, "Euskadiren etorkizuna eraikitzeko tresna izan dadin". Jaurlaritzak %7,9 handitu ditu inbertsio publikora bideratutako baliabide propioak, 1.865 milioi eurora iritsi arte; I+G+B alorreko inbertsioa, berriz, 772 milioi eurora hazi da. Helburua da lehiakortasun ekonomikoari, trantsizio energetikoari, digitalizazioari, berrikuntzari eta aldaketa demografikoari lotutako erronkei berme osoz aurre egiteko beharrezkoak diren eraldaketak bultzatzea.
HERRITARREN KEZKA NAGUSIAK
Aurrekontu proiektuak, gainera, arreta berezia eskaini die herritarrek adierazitako kezka nagusietako batzuei, besteak beste, etxebizitza eskuratzeari, segurtasunari, gazteen emantzipazioari eta familiei laguntza emateari. Ildo horretan, aurrekontuak "aukerak sortzera, bizi proiektu egonkorrak bultzatzera eta inor atzean gera ez dadin bermatzera bideratutako politikak" sendotuko ditu "eraldaketa azkarreko testuinguru honetan".
Hain zuzen, ongizatea babestea da kontuen ardatz nagusietako bat. Aurrekontuen arabera, 13.122 milioi euro bideratuko dira herritarren ongizatera, eta 1.886 milioi euro mobilizatuko dituzte, bereziki gazteei eta familiei zuzenduta, hazkuntza, kontziliazioa, emantzipazioa, hezkuntza, etxebizitza eta gizarte arreta laguntzeko politikak indartuta.
"Azken batean, 2027ko Aurrekontu Proiektuak Euskadi kohesionatuago, berritzaileago, seguruago eta datorren hamarkadako erronkei aurre egiteko prestatuago baten aldeko apustua adierazten du. Egonkortasuna eta anbizioa, zerbitzu publikoak indartzea eta inbertsio eraldatzailea uztartzen dituzten aurrekontuak dira, eta helburu argia dute: herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta guztiontzako aukera gehiago izango dituen herria eraikitzen jarraitzea", azaldu du Noël d'Anjouk.
Aurrekontuen Proiektua asteazkenean erregistartuko da Eusko Legebiltzarrean, urriaren28an, eta sailburuek agerraldiak egingo dituzte azaroaren 2tik 4ra. Sailburuen agerraldiak igarota, bilera sorta egingo da talde politikoekin aurrekontuari eman ahal zaizkion babesak aztertzeko, Jaurlaritza sostengatzen duten alderdietatik harago, abenduaren 21ean behin betiko onartu ahal izateko.
Legebiltzarreko izapideari dagokionez, Noël d'Anjouk indar politikoen erantzukizuna eskatu du, zerbitzu publikoak, lehiakortasun ekonomikoa eta gizarte kohesioa indartzera bideratutako kontuen inguruko akordioak errazteko. "Interes orokorra gailentzea eta herritarrak kezkatzen dituzten lehentasunen inguruan elkarguneak aurkitzeko gai izatea espero dugu. Eusko Jaurlaritzak espiritu eraikitzailez, elkarrizketarako borondatez eta akordiorako jarreraz egingo dio aurre negoziazio horri, planteamendu taktiko edo alderdikoietatik urrunduta", adierazi du.