GASTEIZ 12 Nov. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak 'Bitartez' deialdia onartu du astearte honetan, ikerkuntza, berrikuntza eta kulturako adierazpen garaikideekin konprometituak diren eta bitartekaritza horretarako tresnatzat duten kultura eta gizarte arloko berrikuntza proiektuei laguntzeko, eta 200.000 euro banatuko ditu.
Jaurlaritzaren arabera, diruz lagunduko diren proiektuak lagungarriak izan beharko dira sektore, arlo eta eragile desberdinen arteko baterako sorkuntza eta hibridazioa eta talentua sustatzeko, horrela gure inguruko sormen gaitasuna ahal beste garatzeko.
Era berean, proiektuek lagundu beharko dute hainbat hartzaile eta ikus-entzulerengana jotzeko moduko harreman eta artekaritza modu berrien sorrera, bizipen esanguratsu, bereizgarri eta kualitatiboagoak eragiteko. Gainera, praktika kulturaletatik abiatuta berrikuntza kultural eta sozialeko estrategiak planteatzen dituzten ekimenak ere lagunduko dira.
Diru laguntza jasotzeko proiektuak eskabideak aurkezteko epea agortu ondoren hasi eta 2025eko abenduaren 31ra bitarte gauzatu behar dira. Horrez gain, kulturako sektore bati lotuta egon behar dira (arte bisualak, zinema eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, literatura edo musika).
Proiektu bakoitzak gehienez 35.000 euro jasoko ditu, beti ere proiektuaren aurrekontuaren %70 ez badu gainditzen. 2024ko deialdian 21 elkarte eta kooperatibek jaso dituzte 'Bitartez' deialdiko diru laguntzak.