Jaurlaritzak 5,8 milioi euro bideratuko ditu osasun arloko ikerketa eta garapen proiektuetara

Osakidetzako laborategi bat
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 7 julio 2026 13:23

GASTEIZ 7 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak osasun arloko ikerketa eta garapen proiektuetarako laguntzen 2026ko deialdia onetsi du astearte honetan, 5,8 milioi euroko aurrekontuareki, osasun laguntza eta bizi kalitatea hobetzen duten proiektuei laguntzeko helburuarekin.

Jaurlaritzaren arabera, Osasun Sailak I+G+B arloko jarduerak bultzatzen ditu bere ildo estrategikoen artean, Euskadiko Osasun Itunarekin lerrokatuta. Ekosistema sendoa, kohesionatua eta lehiakorra indartzea du helburu Osasun Itunak, osasun sistemaren egungo eta etorkizuneko erronkei erantzuteko, pertsonen onurarako.

Horregatik, deialdiak barne hartzen dituzten jardueren helburua da pertsonen osasuna eta osasun sistemaren jarduna hobetzen laguntzea, bai eta osasun laguntza eta bizi kalitatea hobetuko duten ikerketa eta berrikuntza proiektuak garatzen laguntzea ere.

Osasun arloko ikerketa jarduera sustatzeko, areagotzeko eta indartzeko finantzatutako ohiko hiru laguntza lerroez gain, aurten beste ildo bati heldu zaio Osasun Sistemen Eraldaketarekin eta Osasun Publikoarekin lotutako I+G+B proiektuak finantzatzeko.

Horrela, lau laguntza lerro bereizi dira: osasun arloko ikerketa jarduera sustatzea, I+G proiektuen bidez; osasun arloko ikerketa jarduera areagotzea jarduera kliniko asistentziala egiten duten langileen I+G proiektuen edo jardueren bidez; osasuneko ikerketa estrategikoa sustatzea lidergo sanitariotik, kooperaziotik eta gaitasun zientifiko-teknologikoen aprobetxamendutik sortutako I+G proiektuen bidez, eta, berritasun bezala, ikerketa komisionatuko lanak, Osasun Sistemen eta Osasun Publikoaren Eraldaketarekin lotutako I+G+B proiektuak finantzatuz.

Hala, deialdiak 2.556.200 euro bideratuko ditu osasun arloko ikerketa jarduera sustatzeko proiektuetara, 600.000 euro osasun arloko ikerketa jarduera areagotzera, 2.350.000 euro osasun arloko ikerketa sustatzeko proiektu estrategikoetara, eta 300.000 euro ikerketa lan komisionatuen proiektuetara.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) eragileek hilabeteko epea izango dute laguntzak jaso ahal izateko eskaera aurkezteko, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 69 ikerketa proiektu finantzatu zituen iazko deialdian: 17 sustapen lerrokoak, 13 areagotze lerrokoak eta 39 indartze lerrokoak. Gainera, iaz emakumeek gidatutako proiektuen ehunekoak gainditu egiten zuen aurreikusitako helburua (%60,87).

Contador

Contenido patrocinado