av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">
GASTEIZ, 27 (EUROPA PRESS)
Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eta hezkuntza arloko eragileek bilera izan dute gaur, urriaren 27an, Lakuan, eta bertan, Heziberri 2020 plangintzaren barruan aurreikusitako curriculum dekretuen zirriborroak aurkeztu dizkie Jaurlaritzak hezkuntza eragileei, balorazioak egin eta haiei ekarpenak egin diezazkieten.
Bileran parte hartu duen Ikastolen Elkarteak jakinarazi duenez, hurrengo egunetan sakon aztertuko dituzte gaur aurkeztu dizkieten zirriborroak, alde batetik, Jaurlaritzak hezkuntzako eragileei eskatu dizkieten ekarpenak egiteko, eta, bestetik, baloratzeko zirriborroek Marko Pedagogikoaren ildo nagusiak, hots, konpetentzietan oinarritutako Euskal Curriculuma sustatu eta garatzen ote duten eta euskaraz ardaztutako eleaniztasunaren aldeko apustua egiten ote duten, edo LOMCEren baitan onartutako curriculum dekretuei jarraipena egiten dieten ala ez.
"Espero dugu hezkuntza komunitateak eta, oro har, euskal gizarteak ulertzea gaur aurkeztu diren dekretu zirriborroek Euskal Hezkuntza Sisteman izango duten garrantzia, eta guk egingo dugun moduan, zirriborroen azterketa zehatza egitea, gaur ireki den prozesuaren baitan beharrezko ekarpenak egite aldera, arinkeriak edo azaleko balorazio eta kalifikazioak alde batera utzita", azaldu du Ikastolen Elkarteak prentsa ohar bidez.
Eusko Jaurlaritzari, berriz, Hezkuntza Komunitateak egingo dituen ekarpenak "jarrera ireki eta eraikitzailean" hartzeko eskatu dio, "guztion artean Hezkuntza Sistema propioa eraiki dezagun". Era berean, Euskal Hezkuntza Sistema osoa arautuko duen Legea lantzen hasteko pausoak ematen hasteko ere eskatu diogu Jaurlaritzari.
Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzari eskertu dio bere garaian aurkeztutako egutegia bete eta curriculum dekretuen zirriborroak iragarritako epeen barruan aurkeztu izana.