BILBO 25 Nov. (EUROPA PRESS) -
Eusko Jaurlaritzak Europar Batasuneko Erakunde Ordaintzaileen 60. Konferentzian parte hartu du aste honetan Naasen (Irlanda), Nekazaritza Bermatzeko Espainiako Funtseko ordezkariekin batera, nekazaritza politika bateratuaren inguruko gaiak jorratzeko.
Seihileko honetan Esopainiako Estatuko autonomia erkidego guztien ordezkari gisa Europar Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza Kontseiluan duen erantzukizunaren barruan dago Euskadiren parte hartzea, Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.
Biltzarrak Europar Batasuneko estatukide guztietako erakunde ordaintzaileen ordezkariak bildu ditu, eta nekazaritza politika bateratuaren kudeaketarekin eta aplikazioarekin zerikusia duten gaurkotasuneko gaiak jorratu dituzte, bai eta hurrengo programazio aldiari begira egon daitezkeen egokitzapen arauemaile, administratibo eta operatiboak ere.
Eusko Jaurlaritza foro horretan egoteak aukera ematen du Europan garatzen ari diren eztabaidak bertatik bertara ezagutzeko eta nekazaritza politika bateratuaren etorkizuneko esparrutik erator daitezkeen aldaketak aurreikusteko.
Elkarrizketarako, esperientziak trukatzeko eta Europako nekazaritza funtsen kudeaketaz arduratzen diren erakundeek dituzten erronka nagusiak bateratzeko gune gisa balio izan du topaketak, eta iruzurrari, ikuskaritzei eta beste lege betekizun batzuei buruz ere aritu dira.
"Horrelako topaketetan parte hartzeak Europako erakunde eta organismo ordaintzaileekiko elkarrizketa eta lankidetza indartzen laguntzen du, kudeaketa eraginkorragoa, arinagoa eta nekazaritza sektorearen eta landa eremuaren beharretara egokitua izan dadin", adierazi dute Jaurlaritzatik.