Jose Mari Esparzak jasoko du aurtengo 'Monzon-Ganuza. Euskal Utopikoei Saria'

Bergarako alkate Gorka Artola Alberdi eta Olaso Dorrea Fundazioko presidente Iratxe Esnaola.
BERGARAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Publicado: domingo, 18 febrero 2024 10:50

DONOSTIA 18 Feb. (EUROPA PRESS) -

Jose Mari Esparza idazle eta editore tafallarrak jasoko du Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak batera lantzen duten 'Monzon- Ganuza. Euskal Utopikoei Saria', bere laugarren edizioan. Martxoaren 7an Bergarako (Gipuzkoa) Seminarixoan ospatuko den ekitaldi publiko batean jasoko du Esparzak saria.

Horrela jakinarazi zuten asteartean Bergarako alkate Gorka Artola Alberdik eta Olaso Dorrea Fundazioko presidente Iratxe Esnaola Arribillagak prentsa agerraldian, Telesforo Monzonen jaiotetxe izandako Olaso Dorrean.

Bergarako alkatearen hitzetan, "belaunaldi berriok ez dugu ahaztu behar Jose Mari eta besteei esker jaso dugun oinordetza. Bizitza guztian Euskal Herriaren alde lan egindakoa da Joxe Mari esparru ezberdinetan. Haren lanek euskal gizartea, hizkuntza, eta kultura ikuspegi berri batetik argitzen dute, eta gure ardura da lekuko hori jasotzea".

"Urrunetik gatoz eta urrunera goaz, eta bide horretan Jose Mari Esparza moduko erreferenteak behar ditugu iparra ondo zehazteko. Batzuetan Gipuzkoatik hain urrun ikusten dugun Nafarroa hegoaldeak erakusten digu Euskal Herriak baduela etorkizuna, baina ez dela erraza izango", adierazi zuen Artolak.

Telesforo Monzon hil zeneko 40. urteurrenaren testuinguruan, 2021ean sortu ziren Monzon-Ganuza sariak, Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten bergarar zein Bergaraz gaindiko herritarrak omentzeko asmoz. Lehenengo Monzon-Ganuza saria Libe Goñi Garate Seaskako lehen irakasleari eman zitzaion, eta bigarrena Jose Luis Elkorori eta Mari Karmen Aiastuiri; iazkoa, berriz, Xabier Amuriza bertsolariak jaso zuen.

Bada, aurtengo sarituari dagokionez, ziurtatu dute Esparzak bat egiten duela Monzon-Ganuza sarituak aukeratzeko erabili ohi diren printzipioekin, eta euskal kulturgintzari bizi osoko ekarpena egin izana goraipatu dute Esnaolak eta Artolak.

JOSE MARI ESPARZA

Jose Mari Esparzak Iruñeko salestarren eskolan egin zituen ikasketak eta 17 urterekin hasi zen lanean, orduan Luzuriaga deitzen zuten eta orain Fagor Ederlan deitzen den fabrikan. 20 urtez izan zen metalgintzako langile, eta, sindikalista bezala, langileen eskubideen defentzadaile.

Fabrikan erabili zuen lehen aldiz inprenta bat eta bertan ikasi zuen panfletoak egiten, 'Fusión obrera' aldizkari klandestinoan. Gero editore bezala egingo zuen lana orduan hasi zela esan du sarritan, eta bere argitaletxea sortu zuenean ere panfletoak egiten jarraitu zuela, hitzekin eta ideiekin gizartea transformatu daitekeela sinetsita, eta bokazio politiko berberarekin. Luzaroan, Jose Mari Esparza fabrikan lan egiten zuen editore militantea izan zen.

1987an, eta Juanjo Marko lankidearekin batera, fabrikako lana uztea eta Tafallan argitaletxe euskaldun, aurrerakoi, profesional eta abertzale bat zabaltzea erabaki zuen. Arbasoek komunikatzeko erabiltzen zuten perkusio tresnaren izena jarri zioten, hau da, Txalaparta. Denborarekin, Tafallako euskal argitaletxea, Euskal Herriko argitaletxe historiko bilakatuko zen.

2018an, eta editore bezala Txalapartan egindako lana oinarri hartuz, 'Apología. Memorias de un editor rojo-separatista' liburu biografikoa idatzi zuen, eta Iparragirreren kantu ezaguna Euskal Herriko ereserki bihurtzeko mugimenduari bultzada eman zioten bi liburu publikatu ditu berriki, 'Biografía del Gernikako Arbola. Himno de Euskal Herria' (Txalaparta, 2020) eta 'Gernikako Arbolaren biografia' (Altaffaylla 2020).

Azken hilabeteotan, amaitzear zituenak bukatzen ari dela iragarri du Esparzak eta amaitzen dituenean, guztira, 30 bat liburu izango dituela argitaratuta. Liburuez gain, ehunka artikulu idatzi ditu prentsan eta mugimendu politiko askotan parte hartu du, modu esanguratsuan, besteak beste, elizaren inmatrikulazioen kontrako kanpainan.

Azken urteetan bezala, Esparzari eskainiko zaion saria euskal artista batek landuko du, eta, nor izango den erabakitzeko, aditu talde batek proposamen ezberdinak aztertuko ditu. Xabier Agirrek (Margolari eta Bergarako Beart arte elkarteko lehendakaria), Jesus Mari Lazkanok (margolaria) eta Mikel Lertxundik (arte historialaria eta komisarioa) osatuko dute taldea. Sari emate ekitaldia martxoaren 7an izango da Bergarako Seminarixoa aretoan, 18:30ean.

Contenido patrocinado