BILBO 23 (EUROPA PRESS)
Eresbil Musikaren Euskal Artxiboak webgune berri bat garatu du Bilboko Udalaren laguntzarekin, Juan Crisostomo de Arriaga (1806-1826) konpositore bilbotarra oroitzeko bere heriotzaren bigarren mendeurrenean: https://www.eresbil.eus/sites/arriaga/eu/.
Bilboko Udaletik gogorarazi dutenez, Arriaga 1826ko urtarrilaren 16an hil zen Parisen, eta, oso gazte hil zen arren, bere musikak bizirik dirau mende bi geroago, eta bertako zein nazioarteko talde ugarik interpretatzen jarraitzen dute, "euskal konpositore unibertsalenetako bat" baita.
Webgunearen helburua da musikagile bilbotarraren figura eta ondarea herritar guztiengana hurbiltzea, eta espazio irisgarri eta erreferentziazkoa eskaintzea bere bizitzan eta musika ekoizpenean sakondu nahi duten guztiei.
Web berria konpositorearen ibilbidea eta ondarea xehetasunez ezagutzeko aukera ematen duten zebait ataletan antolatuta dago. Hasteko, Arriagaren biografian, testuinguruan kokatzen dira bere bizitza eta prestakuntza musikala. 'Kontserbatutako obren eta musika-iturrien errepertorioaren katalogoa' ere bildu da, Bilboko Udal Liburutegien Sareko liburutegi digitalean eskuragarri dauden eskuizkribuen esteka zuzenekin batera.
Gainera, konpositoreari buruz Eresbilen kontserbatutako partituretara, soinu grabazioetara eta bibliografiara iristeko bidea gaitu da, eta eskubiderik gabeko materialetan, objektu digitaletarako zuzeneko irispidea ere sartu da. Azkenik, Musikasteren programazioan musikariaren obrekin lotuta dauden soinu grabazioen hautaketa bat jaso da.