BILBO 14 Jul. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Konpartsek Konpartsakide Eguna ospatuko dute larunbatean, uztailaren 15ean, "Aste Nagusirako motorren piztea seinalatzen duen eguna", hain zuzen ere. Bilboko Areatzan izango da, egun osorako egitarauarekin.
Horrela, Bilboko Konpartsek jakinarazi dutenez, 11:30ean emango zaio hasiera egunari, pintxo txapelketarekin batera; 12:00etan barazki eta sagardo banaketa eta ardo dastaketa izango dira, eta 12:30ean 'Elkarlan Uholde tourra' ibilbidea Karmelo Landarekin.
Gastrotxikia abiatuko da 13:00etan, eta ordu erdi geroago, goizean egiten hasitako pintxoak aurkeztuko dira; sariak 14:30ean banatuko diura. Konpartsen arteko bazkaria 15:00etan hasiko da, 17:00etan bingo musikatuari ekingo zaio, eta egitaraua bukatzeko, Urrats taldeak erromeria eskainiko du 19:00etatik.
Bada, urtero legez, Konpartsakide Egunak Aste Nagusirako hilabete pasatxo soilik geratzen dela gogoraraziko du, Twitterren, Facebooken eta Instagramen egiten ari diren atzerako kontaketak adieraziko duenez. "Konpartsakide lagunekin eta beste konpartsetakoekin berriro elkartzeko eta beroketa ariketak jan-edanarekin laguntzeko baliatzen dugu beti uztail erdialdeko larunbatean egin ohi dugun hitzordua", adierazi dute.
Aurten, 1983ko uholdeen 40. urteurrena eta haien ostean sortutako 'Elkarlan Uholdea' gogoratzen eta nabarmentzen ari direnez, ez da faltako larunbatean haren aipamenik, orduko konpartsakide Karmelo Landaren eskutik San Anton zubitik Udaletxeko zubira egingo den ibilbide historikoan. Pintxo lehiaketa, ardo dastaketa, gastrotxiki eta bazkalosteko bingo musikatuaren ondoren, Urrats taldearen erromeriarekin amaituko da eguna, dantzan eta kantuan.