Kontseiluak Euskal Herri osoko euskaltzaleei dei egin die ekainaren 13an Iruñean batzeko

Euskaltzaleen Martxa ekainaren 13an Iruñean
EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Europa Press País Vasco
Publicado: martes, 5 mayo 2026 18:20

BILBO 5 May. (EUROPA PRESS) -

Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du ekainaren 13an Iruñean egingo den Euskaltzaleon Martxa aurkezteko, eta bertan batzeko dei egin die Euskal Herri osoko euskaltzaleei. Aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko ditu jardunaldiak, "euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren baldintzak eskatzeko eta euskaltzale izatearen harrotasuna balioan jartzeko".

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak irakurri du adierazpena astearte honetan Iruñeko Gazteluko plazan egindako agerraldi jendetsuan, eta, besteak beste, nabarmendu du 'euskaraz bizi nahi dut' aldarri nagusiaren bueltan batuko direla ekainaren 13an Iruñean.

"Euskaraz bizitzeko behar den dena eskatuko dugu. Norberaren erabakimenaz harago euskaraz bizitzea egiaz posible egingo duten baldintzak, euskaltzale antolatu gisa eskatu behar ditugunak, eta justizia sozialean eta demokrazian sinesten duten gizarte gisa eratu beharrekoak", azaldu du.

Horregatik, hiru zutabetan banatuko da ekainaren 13ko Euskaltzaleen Martxa, gaur egun "euskaraz bizitzeko baldintzak eratzeko ezinbestekoak diren hiru oinarri" ordezkatuz. Martxaren hiru zutabeak 17:00etan abiatuko dira Antoniutti parketik, Runako parketik eta Askatasun enparantzatik, eta 18:00etan Gazteluko plazan egingo dute bat.

Eskisabelek zehaztu duenez, lehen zutabeak ofizialtasun osoa eskatuko du, "euskararen normalizazioan aurrera irmo eta bermez egiteko ezinbestekoa baita euskara ofiziala izatea Euskal Herri osoan, gaztelania eta frantsesaren pare, bestelako baldintza murriztailerik gabe".

Bigarren zutabeak hizkuntza politiketan eman beharreko jauzia aldarrikatuko du. "Euskarak etorkizunik izango badu eta mundu aldaketa hauetara denetara egokituko bada, premiazkoa da paradigma aldaketa bat gertatzea hizkuntza politiketan, eta euskararen ezagutza orokortzeko eta normaltasunez erabili ahal izateko baldintza errealak sortzea", ziurtatu du.

Hirugarren zutabea euskaltzaletasunarena izango da, eta, herritarron ardura eta eginkizuna azpimarratu ez ezik, balioetsi ere egingo du. Eskisabelen hitzetan, "euskarak aurrera egingo badu, herritarron ekarpen eta ekinari esker izango da beste garai ilun batzuetan bezala, euskaltzaleon ekimen antolatuari esker".

FESTA

Era berean, Eskisabelek adierazi duenez, euskararen komunitate kideek "kezkarako eta larritasunerako motiboak ez ezik, harrotzekoak eta poztekoak ere baditugula", eta, hori dela eta, aldarrikapenari forma emateko moldean festatik edango du Euskaltzaleen Martxak.

Horrela, zutabeetako bakoitza txupinazo eta pregoi batekin hasiko da, eta Ion Celestino musikari iruindarrak egun horretarako sortutako doinu baten konpasean egingo du Gazteluko plazara bitarteko bidea. Zutabe bakoitza zabalduko duen pankarta, berriz, artista batek egingo du, Iruñeko Peñek erabiltzen duten pankarta moldean; Asisko Urmeneta, Patxi Huarte eta Malen Amenabar izango dira irudi horien egileak.

Ekitaldia bukatu aurretik, Eskisabelek astelehenean hildako Carlos Garaikoetxea Urriza gogorarazi du, "Euskal Herriko historia garaikidean arrasto nabarmena utzi duen politikaria eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia ez ezik, euskaltzale handia". "Halaxe gogoratuko dugu", gaineratu du.

Amaitzeko, hasierako deia berritu du Eskisabelek, hau da, ekainaren 13an izan dadila Iruñea "Euskal Herri osoko euskaltzaleen bilgune erraldoi, elkarrekin harrotzeko eta pozteko gune bat". "Minorizazioaren eta oldarraldiaren aurreran euskaraz bizitzeko behar ditugun baldintzak aldarrikatzeko eta lortzeko bidean urratsa. Azken batean, beste txinparta bat euskararen pizkunde berrirako", adierazi du.

Contador

Contenido patrocinado