Ricardo Rubio - Europa Press - Archivo
BILBO 30 Jul. (EUROPA PRESS) -
Kutxabank Taldeak 137,6 milioi euroko irabazi garbia lortu du 2020. urteko lehen sei hilabeteetan, iaz garai berean baino %30,3 gutxiago. Horniduretara 187,3 milioi euro bideratu ondoren lortu du emaitza hori, 2019ko ekainean baino 72 milioi gehiago. Hein handian, "ziurgabetasun egoerari" aurre egiteko gordeko du zuzkidura hori, euskal finantza taldeak ostegun honetan jakinarazi duenez.
Kutxabankek adierazi du covid-19ak "erabat" baldintzatu duela negozioaren bilakaera: "BPG eta langabeen kopuru tasak nabarmen okertu dira, finantza merkatuak lurrunkortasun eta ziurgabetasun handiak jota daude, eta ezin da jakin gobernuek, Europa Batasunak eta banku zentralek hartutako erabaki eta neurriek nolako eragin zehatzak izango dituzten".
Urteko lehen bi hilabeteetan, bankuak bere buruari ezarritako helburuak betetzea lortu zuen, baina koronabirusak eragindako itxialdiak "aurrekaririk gabeko geldialdi ekonomikoa sortu zuen".
Lehen seihilekoko jardueran jaitsierak nagusi izan arren, taldearen jarduera komertzialean "berreskurapen zantzuak" sumatu dira ekainean. Hain zuzen ere, banka produktu nagusiek hilabete horretan izan duten bilakaera, iaz garai berekoaren gainetik kokatu da jadanik, Kutxabankek nabarmendu duenez.
Ildo horretan, jakinarazi du mailegu hipotekarioak %9,91, kontsumorako maileguak %4,87 eta aseguruen negozioak sortutako sarrerak %14,4 gehitu direla aurtengo ekainean, iazkoarekin alderatuta.
Igoera nabaria izan duen beste alorretako bat mailegu inbertsio produktiboa izan dela adierazi du bankuak, urtebetean %4,1 hazi baita, banka korporatiboak eta instituzionalak sustatuta, ICO eta Elkargi erakundeen bermearekin egin diren eragiketez gain.
"Testuinguru zail honetan", Kutxabankek nabarmendu du "oinarriko egoera oso sendoa" duela, eta krisialdiak sortutako eraginei erantzuteko "ongi kokatua" dagoela.