LAB, ELA eta ESK-k mobilizaziora deitu dute Bizkaiko esku hartze sozialeko hitzarmenaren negoziazioaren "blokeoagatik"

LAB, ELA eta ESK-k mobilizaziora deitu dute Bizkaiko esku hartze sozialeko hitzarmenaren negoziazioaren "blokeoagatik"
LAB
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 16 noviembre 2026 13:00

BILBO 16 (EUROPA PRESS)

LAB, ELA eta ESK sindikatuek mobilizaziorako deia egin dute, Bizkaiko esku hartze sozialeko hitzarmenaren negoziazioa "blokeatuta dagoelako". Sindikatuok salatu dutenez, hitzarmena negoziatzen hamar hilabete baino gehiago eman ondoren, Gizardatz patronalak "ez die erantzun zehatzik ematen sektoreko langileen aldarrikapenei". Horrela, abenduan bi elkarretaratze egingo dituzte delegatuek.

"Patronalak berak eskatuta, hiru sindikatuek negoziazioan aurrera egiteko edukien proposamen bateratua aurkeztu zuten arren, orain arte ez da aurrerapauso nabarmenik eman", kritikatu dute hiru sindikatuoako ordezkariek Bilboko Foru Jasuregiaren aurrean egindako agerraldian.

Lan baldintzak eta soldatak zaintzaren sektore publikokoekin parekatzea, lanaldia murriztea, plantillak indartzea eta lan osasuna hobetzea eskatzen dute sindikatuek, eta salatu dute esku hartze sozialak, zainketei eta laguntzari zuzenean lotutako interes publikoko lana garatu arren, "pribatizazioak eta prekarietateak markatuta" jarraitzen duela. Ildo horretan, hitzarmen berriak "sektore publikoarekin parekatzeko bidean aurrera egiteko tresna" izan behar duela defendatu dute.

Sindikatuen arabera, gaur egun, bi eremuen arteko soldata arrakala 15.500 eurokoa da, batez beste, urtean. "Zaila da ulertzea sektore berean, zaintzan eta laguntzan, soldata alde handiak egotea. Arrakala hori ez da kasualitatea, pribatizazio eredu bati erantzuten baitio, zerbitzu horiei eusten dietenen lan-baldintzak ere prekarizatzen dituena", ziurtatu dute.

Sindikatuek gogorarazi dute badirela parekatze hori posible dela frogatzen duten aurrekariak, hala nola Katalunian lortutako akordioa, esku hartze sozialeko sektore pribatuko soldatak eremu publikokoekin parekatzen dituena.

Plataforma sindikalak kontziliazioa hobetzeko, hizkuntza eskubideak bermatzeko, euskara planak bultzatzeko eta berdintasun planak indartzeko neurriak ere jasotzen ditu. Kontratazioari dagokionez, aldi baterako kontratuak mugagabe bihurtzea, nahi ez den partzialtasunari aurre egitea eta lanaldi partzialeko aldizkako kontratu finkoak debekatzea eskatzen dute. Gaueko lana, zaintzak eta langileek beren gain hartutako erantzukizunak aitortzeko hobekuntzak ere proposatu dituzte, besteak beste.

LAN OSASUNA

Gainera, lan osasuna negoziazioaren beste ardatz nagusietako bat da, eta sindikatuek langileen legezko ordezkariekin adostutako arrisku psikosozialen ebaluazioak egitea eskatzen dute, baita plantilla nahikoa bermatzeko neurri zehatzak ere; horien artean, hezkuntza bikoteak ezartzea eta absentziak gehiago estaltzea proposatu dituzte.

Era berean, sindikatuek ohartarazi dute langile faltak lan kargak handitzea eragiten duela, eta horrek eragin zuzena duela plantillen osasunean eta erabiltzaileek jasotzen duten laguntzaren kalitatean.

Bada, "Gizardatz patronalaren aldetik erantzunik eta aurrera egiteko borondaterik ez dagoenez", LAB, ELA eta ESK sindikatuek "konpromiso zehatzak" eskatu dituzte eta patronalari presio egiteko mobilizazio berriak hasiko direla iragarri dute. Abenduan bi elkarretaratze egingo dituzte delegatuek: bata Gizardatzen egoitzan eta bestea Bizkaiko Foru Aldundian, eta, "aurrerapenik ezean, mobilizazioek gora egingo dute".

Contador

Contenido patrocinado