BILBO 13 (EUROPA PRESS)
AEK-ko eta LABEko ordezkariak bildu dira astearte honetan datorren martxoan egingo den 24. Korrika aurkezteko eta haren alde LABek hartuko dituen konpromisoez aritzeko, eta sindikatuko ordezkariek langileak deitu dituzte Korrikarekin bat egitera eta euskararen aldeko ekimen erraldoia lantokietan sustatzera.
Sindikatuaren izenean, Arantxa Vazquez Batzorde Exekutiboko kideak eta Urko Aierbe Euskara idazkariak parte hartu dute bilkuran, eta AEK-Korrikarenean, Ane Elordi koordinatzaileak, besteak beste.
Bada, LABek jakinarazi duenez, duela lau hamarkada Korrikak lehenengo urratsak eman zituenetik edizioz edizio egin duen bezala, sindikatuak atxikimendu eta laguntza osoa emango dio 24. Korrikari ere, "aurreko antolaketan zein Korrika igaroko den unean, herriz herri antolatuz eta parte hartuz, Korrikaren berri enpresa eta lantokietara eramanez eta langileak Korrikan inplikatzera animatuz".
Horrela, LABeko kideen inplikazioa "erabatekoa" izango da Korrikan, sindikatuko sailen bitartez herri askotan kilometroak hartuz eta gainontzeko sindikatu euskaltzaleekin batera egingo dituzten hiriburuetako kilometro intersindikaletan, besteak beste.
LABek Euskal Herri euskaldunarekin eta zehazki helduen euskalduntzearekin duen konpromisoa berretsi die AEK-ko ordezkariei eta Korrikako arduradunei, eta, "azkenaldian euskara eta euskaldunok pairatzen ari garen oldarraldiaren aurrean, euskararen berreskurapen eta normalizazio prozesuak beharrezkoa duen pizkundea gainontzeko eragile euskaltzaleekin elkarlanean sustatzeko beharra eta LABen prestutasuna" adierazi die sindikatuak.