Languages Lanean 2027 bilkurak hizkuntzen kudeaketa eta enpresen lehiakortasuna izango ditu ardatz Donostian

Languages Lanean 2027
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 24 noviembre 2026 12:46

DONOSTIA 24 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak sustatutako Languages Lanean nazioarteko bolkuraren bigarren edizioa egingo da Donostian 2027ko urtarrilaren 28an eta 29an, eta hizkuntzen kudeaketak eremu sozioekonomikoan eta enpresen lehiakortasunean duen garrantzia aztertuko ditu. Izen-ematea zabalik dago https://labur.eus/LL2027-izen-emate-eu web orrian.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, biltzarraren lehen edizioa 2024an egin zen Bilbon, eta izan zuen harrera ona ikusita, hiru urte geroago itzuliko da "nazioarteko begirada zabalduz". Hizkuntzen kudeaketaren esperientziak eta praktika aurreratuak partekatu nahi dira, eta horien bidez, mota guztietako enpresak euren estrategietan hizkuntza aldagaia ere txertatzera animatu. Bilkura Donostiko Kursaalean egingo da urtarrilaren 28an, eta GOe Gastronomy Open Ecosystem gunean urtarrilaren 29an.

Bilkuran, enpresen eta erakundeen eguneroko erronkei erantzuteko tresna gisa landuko da hizkuntzen kudeaketa, hizkuntzen kudeaketa egokiak eragina izan baitezake bezeroekiko harremanetan, langileen motibazioan eta talde kohesioan, ezagutzaren transmisioan, erakundeen nortasunean eta berrikuntzan.

Hala, biltzarrak erakundeen estrategian hizkuntzek duten lekua aztertuko du, eta enpresa eta entitate aurreratuen esperientziak ezagutzeko aukera eskainiko. Besteak beste, nazioartekotzea, pertsonen kudeaketa, bezero esperientzia, gizarte erantzukizuna eta adimen artifizialak hizkuntzen kudeaketan eskaintzen dituen aukerak izango dira hizpide.

Era berean, hainbat sektore ekonomikotan hizkuntzen kudeaketak duen eragina aztertuko da, hala nola industrian, kirolean, osasunean eta zaintzan, merkataritzan, ostalaritzan eta turismoan.

BERTAKO ETA NAZIAORTEKO ADITUAK

Languages Lanean 2027 bilkurak Euskal Herriko zein nazioarteko profesional eta adituak bilduko ditu, hizkuntzen kudeaketaren arloan dituzten ezagutzak, esperientziak eta praktika onak partekatzeko. Horrez gain, euskarak eremu sozioekonomikoan egindako ibilbidea aitortzeko eta etorkizuneko erronkei begirako oinarriak ezartzeko balioko du topaketak.

Testuinguru horretan, LANera egitasmoa ere aurkeztuko da. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ekimen horren bidez, euskara lan munduan txertatu eta hedatu nahi duten enpresen sare iraunkorra osatu nahi da.

Languages Lanean 2027 bilkura edonorentzat irekita baina bereziki enpresa arduradunei eta profesionalei zuzenduta dago: enpresaburuei, giza baliabideetako eta sistemetako arduradunei, eta hizkuntzen kudeaketan interesa duten profesionalei, oro har. Parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena https://labur.eus/LL2027-izen-emate-eu web orrian.

"Bi eguneko topaketak aukera eskainiko du hizkuntzen kudeaketak erakundeen lehiakortasunari egiten dion ekarpena ezagutzeko, beste esperientzia batzuetatik ikasteko eta norberaren erakundean aplikatzeko moduko ideiak eta tresnak eskuratzeko", adierazi dute Jaurlaritzatik.

Contador

Contenido patrocinado