Mairu Antzerki Tailerrak jaso du Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka, 'Intxaurra' antzezlana sortzeko

Arnasguneak antzerki bekaren berri emateko agerraldia
UEMA
Actualizado: jueves, 27 enero 2022 12:08

Taldeak 23.000 euro jasoko ditu eta azaroan estreinatuko du lana, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) agerraldia egin dute ostegun honetan Iruñean, Nafarroako Jauregian, Arnasguneak antzerki bekaren berri emateko eta beka jaso duen 'Intxaurra' antzezlanaren egitasmoa aurkezteko. Mairu Antzerki Tailerreko Gaizka Sarasolak idatziko du testua eta, besteak beste, inguratzen gaituen ekosistemak guregan duen eragina islatuko du antzezlanak.

Agerraldian izan dira Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Aitor Elexpuru UEMAko ordezkaria eta Gaizka Sarasola Mairu Antzerki Tailerreko kidea.

Horrela, aurkeztu diren bederatzi egitasmoak aztertu ondoren, epaimahaiak Lesakako (Nafarroa) Mairu Antzerki Tailerraren 'Intxaurra' antzezlana saritu du. Taldeak 23.000 euro jasoko ditu, antzezlana bekaren oinarrietan zehaztutako baldintzen arabera sortzeko eta ekoizteko, eta azaroan estreinatuko du, Azpeitiko (Gipuzkoa) Euskal Antzerki Topaketetan.

Sarasolak agerraldian nabarmendu duenez, gaixorik dagoen intxaurrondoaren iruditik abiatuta, enborra biziberritzearen beharra islatuko du lanak, gainerako adarrek ere osasuntsu iraun dezaten. Horrela, euskarararen arnasgune diren herrien ezaugarriak, kezkak, mugak, iragana eta etorkizuna agertuko dira istorioan barrena, beti ere sormena eta antzerkiaren kodeak lehenetsiz. Manex Fusch izango da antzezlanaren zuzendaria.

Horrelako ekimen batek Nafarroan duen garrantzia nabarmendu du Ollok, arnasguneak euskararen biziberritzean ezinbestekoak direla aipatuz eta ekimenaren aurrekariak gogoratuz. Azaldu duenez, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Plan Estrategikoaren helburu nagusietako bat da "euskararen egoera hobetzea, batez ere udalerri euskaldunetan eta euskararen arnasguneak diren eremuetan hizkuntza horren erabilera indartuz".

"Nafarroako udalerri euskaldunetan normalean modu naturalean bizi daiteke euskaraz. Euskarararen arnasguneetan, belaunaldi batetik bestera transmititzen da euskara, hizkuntza etenik gabe biziberrituz eta herri honen aniztasunari eta kulturari ekarpen garrantzitsua eginez. Horregatik zaindu, babestu eta indartu egin behar ditugu", adierazi du.

'ARNASA GARA'

Bestalde, Zupiriak gogorarazi du lehendik ere bidea egiten ari den kanpaina baten jarraipena dela Arnasguneak beka: "2019. urtean hasi zen lehen urratsak egiten 'Arnasa Gara' lan ildoa. Geroztik, euskararen arnasguneen garrantzia azpimarratzen duten kanpainak egin ditugu, arnasguneetan bizi diren herritarren ahalduntzeari begira, baita arnasguneetakoak ez diren herritarren kontzientziazioari begira ere".

Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk beka formatua eta antzezlana zergatik hobetsi duten ere azaldu du Zupiriak: "Aurten plazara atera eta sorkuntza lehen lerroan jarri nahi izan duen ekimenaren aldeko apustua egin dugu. Horregatik jarri genuen martxan gaur aurkezten ari garen antzerki beka deialdi hau, euskarazko antzerki taldeei eta konpainiei zuzendutakoa, eta sorkuntzaren erdigunean arnasguneak izango zituena".

"'Arnasa Gara' ekimenaren helburu nagusietako bat da euskararen arnasguneen garrantzia jendarteratzea, eta mezu hori oholtza gainetik ere helarazi nahi dugu, sormenaren bitartez. Hiriburuetatik herri handi eta txikietara. Ahalik eta plaza gehienetara iritsi nahi dugu; ikus-entzule anitzarentzako eskaintza gogoetatsu eta gozagarri bat izatea. Azken batean, askotarikoak baitira gure herriak eta plazak, eta ahalik eta herri eta plaza gehienetara iritsi nahi dugu ekimen honekin. Hori ere bada Arnasguneak antzerki bekaren helburua", gaineratu du.

ELKARLANA

UEMAren izenean, Aitor Elexpuru zuzendaritza batzordekideak eta Berako alkateak adierazi duenez, "pozgarria da arnasguneen garrantzia jendarteratzeko erakundeen arteko elkarlanak etenik ez duela ikustea. Izan ere, herritarren kontzientziazioa giltzarria da hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko eta horietan eragiteko. Hori bultzatu nahi dugu antzezlan honekin, udalerri euskaldunetan berariaz aurkezteko moduko bitarteko oso erakargarria dela sinetsita".

Horrela, elkarlanaren garrantzia nabarmendu du: "Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta UEMAk elkarrekin landutako kanpaina eta beka da honakoa, horrek esan nahi duen guztiarekin. Arnasguneen garrantzia elkarrekin nabarmentzeaz gain, antzezlan hau lau haizetara zabaltzeko asmoa ere elkarrekin adostutakoa da".

Horretarako, gainera, kasu honetan, Azpeitiko Udalaren eta Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunearen laguntza ere izan dutela gogoratu du: batetik, antzezlana Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko delako, azaroan, eta bestetik, Mairu Antzerki Tailerreko kideek Dinamoa Sormen Gunea erabiltzeko aukera izango dutelako antzezlana sortzeko lanean ari diren bitartean.

Amaitzeko, taldekideak zoriondu ditu, bekaren helburuak betetzeko proiektu ederra aurkeztu dutelakoan: "Ziur gaude ederki egingo dutela, dakiten bezala, sormenetik abiatuta, agertokian, antzerkiarekin herritarren bihotzetara iritsiz".