Mikel Zarate XVI. haur literaturako saria abiatu dute Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak

Mikel Zarate
LEZAMAKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 16 enero 2026 12:18

BILBO 16 (EUROPA PRESS)

Lezamako Udalak (Bizkaia) eta Elkar argitaletxeak XVI. Mikel Zarate haur literaturako saria jarri dute martxan, umeentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko asmoz eta euskal kulturaren alde "lan itzela" egin zuen lezamar idazlearen omenez.

Antolatzileek jakinarazi dutenez, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat (6-12 urte) euskaraz sortutako kontakizunak aurkez daitezke, jatorrizkoak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak. Lehiaketan parte hartzeko gutxienez 18 urte izan beharko dira, eta gutxienez 25.000 eta gehienez 100.000 karaktere izan beharko dituzte idazlanek, hutsuneak barne.

Bi dokumentu bidali beharko dira mezu elektronikoz udala@lezama.eus helbidera: batean, idazlana bera, egilearen inongo daturik gabe; bestean, idazlanaren izenburua eta egilearen datuak (izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa).

Lanak hartzeko lehen eguna otsailaren 2a izango da, eta azkena apirilaren 30a; epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna, berriz, maiatzaren 31 izango da. Leire Bilbao Barruetabeña, Maribel Aiertza Rementeria eta Xabier Mendiguren Elizegi idazleek osatuko dute epaimahaia. Sari bakarra emango da, 4.000 eurokoa (zenbateko gordina), eta epaimahaiaren iritziz gutxieneko kalitateko lanik ez balego saririk ez litzateke emango.

Elkar etxeak argitaratuko du eleberri edo ipuin saritua, saria jakinarazten denetik sei hilabeteko epean, behar diren marrazkiez horniturik. Alabaina, idazlea izango da lanaren jabea eta ohiko moduan ordainduko dizkio argitaletxeak egile eskubideak.

Contador

Contenido patrocinado